Salgai daude Anaitasunako albumak eta kromoak

Urola Kostako Hitza 2017ko abenduaren 6a

Dagoeneko salgai daude bai albumak eta bai kromoak Azkoitiko hainbat saltoki, kafetegi eta tabernatan. Atzo aurkeztu zuten 2017-2018ko kromo bilduma Azkoitiko Juaristi enpresan.

Unai Aranbarri, Asier Gogorza, Pedro Urdapilleta, Maider Badiola eta Eneko Ibarretxe. (Anaitasuna) Anaitasunak atzo aurkeztu zuen 2017-18 denboraldiko kromo-bilduma. Juaristi enpresan egin zuten aurkezpena Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak, Asier Gogorza Juaristi enpresako gerenteak, Eneko Ibarretxe Kromobileko arduradunak eta Unai Aranbarri eta Maider Badiola Anaitasunako lehen taldeetako kapitainek. Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak hartu zuen hitza aurkezpenarekin hasteko. "Klubaren izenean eskerrak eman nahi dizkiegu Kromo-Bil etxeari eta Juaristi enpresari eman diguten babes guztiagatik. Nahiz eta klubari laguntzeko beste modu bat den, kromo-bilduma jarraitzaileen, jokalarien eta gurasoen artean etorkizunerako oroigarri polit bat izatea nahi dugu. Sozialki, Anaitasunaren inguruan ilusioa sortzea nahi dugu, eta helburua ahalik eta album gehien osatzea da; oso garrantzitsua da hori klubarentzat", azpimarratu du Urdapilletak. Dagoeneko salgai daude albumak eta kromoak Nam-ñam goxoki dendan, Lujan paper-dendan, Uhaitz kafetegian eta Txerloiako eta San Juango tabernetan. Bost euroren trukean albuma eta bi kromo pakete eskuratu ahal izango dira. Kromo pakete bakoitzean zazpi kromo izango dira. Anaitasunak jakinarazi duenez, kromo horien artean "ezustekoak" ere izango dira. "Baliteke jokalaririk ez agertzea, baina norberaren irudia jartzeko aukera emango duten katiluak, puzzleak, posterrak, eskuoihalak, kamisetak edota bost gutun-azal gehiago lortu ahalko dira ezusteko kromoei esker. Kasu horietan, nahikoa izango da kromoa klubari erakustea". Album osoa egin nahi dutenek, 2018ko apirilaren 1etik aurrera eskatu ahal izango dituzte albuma osatzeko falta zaizkien kromoak. Kromobil etxeak Play Station 4 bideo kontsola bat zozkatuko du 2017-2018 denboraldian egin dituen album guztien artean. Horrenbestez, Anaitasunako albuma osatzen duena PS4 kontsola bat eskuratzeko zozketan sartuko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide