Haur talde bat, iazko lehiaketarako marrazkiak egiten. (Argazkia: Nerea Uranga)
Joan den asteburuan, giroa berotzeko hainbat ekitaldi egin ostean, prest dira sanandresak Azkoitian. Bihar da festetako egun handia, eta ohiko egitaraua prestatu du udalak, baina San Andres egunaren bezperan, gaur, alegia, Batukada Feminista Sarea izango da herriko kaleetan. Bihar, berriz, herriko plaza izango da festa giroaren topalekua, eta baserritarrez jantzita, ehunka lagun elkartuko dira goizetik taloak eta txorizo pintxoak jatera zein animaliak ikustera. Beti bezala, postuak jarriko dituzte plazako eta Ikurrinaren plazako arkupeetan, eta jan-edana izango da nagusi egun osoan zehar.
Herri kirol jaialdia beste hitzordu nagusietako bat izan ohi da sanandresetan, eta aurten ere antolatu dituzte aizkora eta harri-jasotze saioak, eguerdi partean. Kirol kontuekin jarraituz, arratsaldean jokatuko dituzte Kontzejupe Sariaren azken partidak. Eta usadioa galdu gabe, San Andres Idi Dema Saria jokatuko
da bihar, etzi, larunbatean eta astelehenean.
Buztin lehiaketarik ez
Umeentzat ere egun berezia izango da biharkoa. Aurten, 36. aldiz, Marrazki Lehiaketan parte hartzeko aukera izango dute gaztetxoek, Txuri Urdin soziedadeak antolatuta. Elkarteko kide Jose Luis Otero Azkoitiko bizilagunak adierazi duenez, aurten buztin lehiaketa ez egitea erabaki dute, "txerrikeria handia" sortzen zelako. Sanandresetan ondo errotuta dagoen marrazketa lehian, ordea, 4 urtetik 14 urtera arteko 1.000 neska-mutilek eman dutela izena adierazi du azkoitiarrak. "Adinaren arabera, hiru mailatan lehiatuko dira parte hartzaileak: 4 urtetik 8rako haurrei ez diegu gairik zehaztuko; 9-11 urte artekoek, berriz, ateri bada herriko iturriren bat marraztu beharko dute, eta giro bustia balitz, aldiz, plazako arkupeetatik ikusten dutena. 12-14 urte artekoen kasuan, noblezien etxeak marraztuko dituzte ateri bada; baina euria egingo balu, parrokiako arkupeetatik ikusten dutena". Horrez gain, Oterok gaineratu du 12-14 urte bitartekoentzat, aurten lehenengoz akuarela kartel lehiaketa antolatu dutela.
Parte hartzaileen zenbait lan Azoka Plazan jarriko dituzte ikusgai, eta epaimahaiarentzat onenak direnak, berriz, Etxe Beltzen. Maila bakoitzeko lehen hiru irabazleei garaikurra eta erlojua emango dizkiete, eta Hizki papertegian gastatzeko erosketa txartelak ere banatuko dituzte. Azkoitiko Udalak ematen dien laguntza eskertu nahi izan du Oterok, eta adierazi du lehiaketa antolatzea "6.000 euro kostatzen" dela.
Sanandresen biharamunean eta, oro har, asteburuan, hainbat hitzordu dituzte azkoitiarrek; hala nola, haurrentzat ikuskizuna, idi demak eta xake txapelketa.
Egitaraua
Gaur, asteazkena
18:00. Batukada Feminista Sarea, herriko kaleetan zehar.
bihar, san andres eguna
Egun osoan, taloak, txistorra... herriko plazako arkupeetan.
09:30. Herriko dultzainero
eta trikitilarien kalejira.
10:00. Marrazki lehiaketa, Txuri Urdin elkarteak antolatuta.
11:00. Trikitilari gazteen kalejira.
11:30. Txalkor txistulari taldearen kalejira.
12:00. V. Urkome sari banaketa, udaletxeko areto nagusian.
12:30. Herri kirol jaialdia plazan: Larrañaga eta Txikia IV.a aizkoran, eta Guzta, Goenatxo III.a eta Karmele Gisasola Zelai harria jasotzen.
16:30. Marrazki lehiaketako sari banaketa herriko plazan.
17:00. Kontzejupe Sariaren azken partidak Kontzejupean, Azkoitiko Pilota Eskola elkarteak antolatuta.
22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea frontoian: San Pelaio, Lander Plaza eta Rafa Alegria.
Etzi, ostirala
22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Etxetxo, Altuna eta Intxarburu.
abenduak 2, larunbata
18:00. 1 2, 3… hemen da Miru haurrentzako ikuskizuna.
22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Arane, A. Alegria, Usasti eta
I. Lopategi.
Abenduak 3, igandea
10:00. XXII. San Andres lehia Elkargunean, Anaitasuna Kakute xake elkarteak antolatuta.
abenduak 4, astelehena
22:00. San Andres Idi Dema Saria, Gurea udal pilotalekuan: Oliden, Olazar eta Bixkiak.