Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundea parrokia goraino beteta zela eman diote arratsaldean azken agurra Luis Iriondo aktore, ekoizle eta musikagile zenari. Ehunka herritar hurbildu dira haren aldeko hileta elizkizunera, eta telebistaren munduko eta harekin lan egindako hainbat lagun ezagunek ere agurtu nahi izan dute azkoitiarra. Besteak beste, Maite Iturbe EiTBko zuzendari orokorra, Joxe Mari Iriondo kazetaria, Jesus Altuna antropologo eta arkeologoa, Aizpea Goenaga aktore eta zuzendaria eta Elena Irureta aktorea izan dira elizkizunean.
Ondo ezagutzen zuen Joxe Mari Iriondok azkoitiarra, hainbat alditan elkarrekin lan egindakoak izan zirelako. Pertsona "polifazetikoa" eta "autodidakta" zela adierazi dio UROLA KOSTAKO HITZAri: "Loiolako Herri Irratian ezagutu genuen elkar, eta handik aurreko martxora arte harreman handia izan dut berarekin. Luis Iriondok asko eskatu eta asko ematen zuen. Oso eskuzabala zen. Berari esker, Amerika iparraldea eta hegoaldea eta Europaren eta Asiaren zati handi bat ezagutu nituen". Musikazalea, zinemazalea eta "pertsona irekia" zela gaineratu du. Goenagak eta Iruretak ere ildo beretik hitz egin dute, eta beraientzat "oso maitea" zela nabarmendu dute. "Laguntzeko prest zegoen beti".
Larunbatean
hil zen azkoitiarra, 86 urterekin. Ibilbide oparoa utzi du zinemagintzan, musikagintzan eta komunikazioaren alorrean.
La Voz de España egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratzailea izan zen, eta ETBko zuzendaria izan zen 1982tik 1984ra. Eusko Jaurlaritzako Harreman Publikoetarako arduradun lanetan ere aritu zen azkoitiarra. Euskadiko Kuxako publizitate arduraduna ere izan zen.
Musikagintzan, berriz, Los Contrapuntos aldea osatu zuen gaztea zela, eta hainbat disko grabbats zituten taldearekin:
Aqui las Vascongadas,
Navidad vasca,
Cantos vascos, Romeria en el Pais Vasco,
Agur jaunak! eta
Kontrapuntoak euskeraz, besteak beste. Donostiako Victoria Eugenian eman zuten lehen kontzertua, eta, geroago, konposatzaile lanetan ere aritu zen Mocedades, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velascorentzat, besteak beste.
1970eko hamarkadaren hasieran, zinemaren munduan hasi zen lanean, Ferran Llagostera zuzendariaren bidez, eta hainbat dokumental egin zituzten elkarrekin. 1978an,
Companys, proces a Catalunya pelikularekin debutatu zuen aktore bezala, eta geroztik hainbat ekoizpen zinematografikotan parte hartu zuen aktore, gidoilari eta ekoizle gisa, hala nola,
Ikuska-3 (1979),
El pico (1983),
La monja alférez (1987) eta
Terranova (1990) lanetan. Ekoizpen zinematografikoetan aritzeaz gain, hainbat liburu ere argitaratu zituen, baita bidaia liburuak ere.
Hemen elizkizuneko irudi batzuk: