Luis Iriondo Etxaniz azkoitiar aktorea eta musikagilea hil da

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 26a

Atzo, larunbata, hil zen Luis Iriondo Etxaniz aktore eta musikagile azkoitiarra, 86 urterekin. Iriondok administrari ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Kutxan eta Azkoitiko Aforasa enpresan lan egin zuen. Bestalde, 'La Voz de España' egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratzailea izan zen, eta ETBko zuzendaria izan zen 1982tik 1984ra. Iriondoren aldeko hileta elizkizuna bihar, astelehena, izango da, 19:00etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundea parrokian.

Luis Iriondo Etxaniz, azkoitiar aktorea eta musikagilea. (Argazkia: badok.eus) Atzo, larunbata, hil zen Luis Iriondo Etxaniz aktore eta musikagile azkoitiarra, 86 urterekin. Iriondok administrari ikasketak egin zituen eta Bizkaiko Kutxan eta Azkoitiko Aforasa enpresan lan egin zuen. Bestalde, La Voz de España egunkarian eta Loiolako Herri Irratian kolaboratzailea izan zen, eta ETBko zuzendaria izan zen 1982tik 1984ra. Eusko Jaurlaritzako Harreman Publikoetarako arduradun lanetan ere aritu zen azkoitiarra. Euskadiko Kuxako publizitate arduraduna ere izan zen. Iriondoren aldeko hileta elizkizuna bihar, astelehena, izango da, 19:00etan, Azkoitiko Ama Birjinaren Jasokundea parrokian. Txikitatik zituen gustuko azkoitiarrak komunikazioa eta ikuskizunen mundua, eta gaztetan Los Contrapuntos musika taldea osatu zuen lagun batzuekin batera, eta hainbat disko grabatu zituzten: Aqui las Vascongadas, Navidad vasca, Cantos vascos, Romeria en el Pais Vasco, Agur jaunak! eta Kontrapuntoak euskeraz, besteak beste. Donostiako Victoria Eugenian eman zuten lehen kontzertua, eta, geroago, konposatzaile lanetan ere aritu zen Mocedades, Manolo Escobar, Sara Montiel eta Concha Velascorentzat, besteak beste. 1970eko hamarkadaren hasieran, zinemaren munduan hasi zen lanean, Ferran Llagostera zuzendariaren bidez, eta hainbat dokumental egin zituzten elkarrekin. 1978an, Companys, proces a Catalunya pelikularekin debutatu zuen aktore bezala, eta geroztik hainbat ekoizpen zinematografikotan parte hartu zuen aktore, gidoilari eta ekoizle gisa, hala nola, Ikuska-3 (1979), El pico (1983), La monja alférez (1987) eta Terranova (1990) lanetan. Ekoizpen zinematografikoetan aritzeaz gain, hainbat liburu ere argitaratu zituen, baita bidaia liburuak ere. Bestalde, Pedro Mari Goikoetxea kazetariak ETB1en aurkezten zuen 6 argazkitan saioan hartu zuen parte Iriondok 2013an, eta bere ibilbide profesionalari eta familiari buruz aritu zen solasean. Horrez gain, bere bizitzako argazki kuttunenak ere erakutsi zituen telebistan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide