Azkoitiko Sostenipe talde Feministak 'Women in black' ekitaldia eta kontzentrazioa egin ditu gaur arratsaldean. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Gaur, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna, dozenaka herritarrek elkarretaratzea egin dute Azkoitiko plazan, 19:00etan. Eguraldi kaxkarra eginagatik, herriko plazan elkartu dira Sostenipe taldearen deialdiarekin bat eginda.
Emakumeak libre eta bizirik! lelopean egin dute kontzentrazioa. Aurretik, ordea, 18:30ean,
Woman in black ekitaldia egin du Azkoitiko Sostenipe taldeak, Kontzejupean. Beltzez jantzi eta lurrean etzan dira hamar bat herritar, eraildako emakume denak irudikatzeko.
Azkoitiko Sostenipe talde Feministak 'Women in black' ekitaldia eta kontzentrazioa egin ditu gaur arratsaldean. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Sostenipe Talde Feministak gaurko egunaren harira irakurketa kaleratu du, eta asanbladak azaldu duenez, gaurko egunez “erailak izan diren emakumeak dituzte gogoan”. Taldeko kideek esan dutenez, “(sasi)berdintasunaren garai hauetan genero indarkeriak bizirik jarraitzen du", eta gaineratu dute "berdintasunaren isla faltsu horrek itsututa, 'berdintasuna lortu dugu' entzun" ohi dela jendearen ahotan. Era berean, taldeak kontatu du aurten zazpi emakume erail dituztela Euskal Herrian eta 4.519 salaketa jarri dituztela indarkeria matxistagatik, EAEan. Zenbaki horien aurrean, aipatu dute badela "garaia zifra lazgarri horiei duten garrantzia emateko". Horrez gain, adierazi dute erailketa edo eraso bakar bat gertatzen ez den eguna iristen den arte, "lanean jarraitu behar" dutela. Genero indarkeriarekin amaitzeko, sustraietatik hasi behar dela uste du Sostenipek: "Jendarte heteropatriarkal honen sustraiak erre behar ditugu, genero indarkeria ahalbidetzen duten jarrera eta pentsakerak errotik moztu!". Horretarako, "jarrera matxistak identifikatzen eta aldatzen etxetik hasi" beharra dagoela erantsi dute. Bestela, gaineratu dute, "ezer egin ezean, etorkizuneko maltratatzaileak hezten jarraituko dugu". Indiferentziak "heteropatriarkatua elikatzen" jarraituko duela dio taldeak, eta, beraz, "ozen esan" behar dela "eraso bakar bat gehiago" ez dutela onartuko.