Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Euskara Mahaiak hainbat ekintza antolatu du Euskararen Egunaren harira. Aurtean, Euskararen Eguna igandean izanik, hurrengo egunean (abenduak 4) egingo dituzte saioak. Euskara Mahaiak ideia lehiaketa antolatu du lehenengo aldiz, eta, besteak beste, irabazleek proposatutako ekimenak gauzatuko dituzte egun horretan, eragileek ere parte har dezaten.
Eguerdian, ikasleak izango dira protagonistak. Ohi bezala, kalejiran joango dira plazara, eta han aurretik trukatutako gutunetako batzuk irakurriko dituzte Azkoitia BHIko, Xabier Munibe Ikastolako eta Floreaga Salestar Ikastetxeko LH bosgarrengo eta seigarrengo eta DBHko ikasleek. Gainontzeko ikasleek, berriz, Euskara hegan ekimena egingo dute: puxikak aireratuko dituzte, barruan euskararen inguruko mezuak sartuta dituztela, eta ondoren irakurri egingo dute.
Arratsaldeko 19:00etan, berriz, beste ekitaldi bat egingo dute plazan. Herriko eragileak eta taldeak oholtzara igoko dute, eta Zer da zuretzat euskara? galderari erantzunez, mezu bat irakurriko du bakoitzak. Ondoren, Azkoittixek euskeraz bizi nahi du leloarekin mural bat osatuko dute. Ekitaldia amaitzeko, Erniarraitzeko bertsolariek sortutako honako bertsoa abestuko dute: Batzuentzat arrotza / besteen arnasa / dabil kalerik kale / dabil plazaz plaza / izan daiteke testu, / solasa, jolasa, / izan aurrez aurreko / edo mezu jasa / zuk nahi duzun moduan / hartu eta pasa!
Arratsaldeko ekitaldia "jendetsua" izatea nahi dute antolatzaileek, eta herritar guztiak animatu dituzte bertaratu daitezen. "Euskarak guztiok behar gaitu, eta herrigintzan ari garen talde guztion konpromisoa beharrezkoa da, hizkuntza bizirik mantentzeko. Ahalegin horretan egunero egiten ari zareten lana plazara atera nahi dugu", esan dute. Honako hauek osatzen dute Euskara Mahaia: Azkoitiko Udala, AEK, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea, Bizilore eskola aktiboa, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastola, Azkoitia BHI eta Urola Lanbide Eskola.