Azkoitiko Udalak 249.892 euro bideratuko ditu kaleen asfaltatze eta margotze lanetara

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 21a

Lanak Asfaltos Urretxu S.A. enpresari esleitu dizkio udalak, eta hilabeteko epea izango du enpresa horrek egin beharrekoa egiteko. Guztira, hamabi puntutan egingo dituzte hobekuntzak.

(Argazkia: Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak aste honetan hasi ditu hainbat kale eta gunetako asfaltatze eta pintaketa lanak. Guztira, hamabi puntutan egingo dituzte hobekuntzak, eta, horretarako, 249.892,69 euro (BEZ barne) inberitu ditu udalak. Lanak Asfaltos Urretxu S.A. enpresari esleitu dizkio udalak, eta hilabeteko epea izango du enpresa horrek egin beharrekoa egiteko. Datozen egunetan ondorengo kaleak asfaltatu eta margotuko dituzte: Espiritu Santua, Santa Klara, Aingeru, Izarraitz, Joakin Egia eta Xabier Munibe. Lan berdinak gauzatuko dituzte, halaber, Axiriko eta Aizkibel kalean, Joseba jatetxe aurreko aparkalekuan, eta baita Jausoro eta Ubaiar auzuneetan eta Garate Etxera eramaten duen errepidean ere. Zoladuraren eta lurrean margotutako seinaleen egoeraren arabera, zenbait kasutan kale osoan egingo dituzte lanak, eta beste zenbaitetan, tarte jakinetan. Edonola ere, udalaren arabera, zoladura jarriko den azaleraren dimentsioa "esanguratsua" da. Zebrabideak ere bai Aipatutako lanekin batera, zebrabideak asfaltatu eta margotu egingo dituzte: Ibai-Ondo, Julio Urkixo, Kale Nagusia eta Espiritu Santua kaleetakoak, hain zuzen. "Kaleen egoera, itxura eta nola ez, segurtasuna bermatzea da helburua, oinezko zein gidarientzat duen garrantziagatik. Erorketak edo istripuak saihesteko ezinbestekoa da lurra egoera onean egotea eta lurreko seinaleak garbi ikustea. Irisgarritasuna hobetzen ere ahalegin handia ari gara egiten herriko txoko guztietara guztiok heltzeko aukera izan dezagun. Orain hasi garen lan hauek berehala ikusiko dira kaleetan", azaldu du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide