Felipe Juaristi: "Poesia irakurleak sortzeko beharrezkoa da poesiarako marko berria sortzea"

Ainitze Agirrezabala 2017ko aza. 17a, 10:28

Sortzaile berrien lanak kaleratzen laguntzea da proiektuaren helburua. Beste hiru euskal idazlerekin jarri du martxan egitasmoa. Olerkari gazteentzako lehiaketa ere abiatu dute.

Felipe Juaristi (ezkerretik aurrena), Balea Zuriakoekin. (Argazkia: Balea Zuria) Poesia sortzen duten egile berriei beren lanak argitaratu ahal izateko aukera ematea helburu duen Balea Zuria argitaletxea sortu berri du Felipe Juaristi idazleak (Azkoitia, 1957). Proiektu berrian bidelagun ditu Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi idazleak eta Imanol Larrinaga irudigilea. Balea Zuria osatzen duten lagunak azken hamar urteotan elkarrekin aritu dira poesia errezitaldiak eskaintzen, eta Poesia eta Pentsamendua jardunaldiak ere antolatu izan dituzte. Alabaina, Juaristik adierazi du azken hamarkadan "gauza asko gertatu" direla euskal literaturan. "Esaterako, poesia desagertu egin da argitaletxeetatik. Eta hor arazoa ez da poesia ez dela idazten; izan ere, guk uste baino jende gehiago dago poesia ona idazten duena, baina argitaratzeko modurik ez duena. Horrek kezkatzen gintuen gu". Buruan zuten kezka horri erantzuteko asmoz jaio da, hain zuzen ere, Balea Zuria. "Uste dugu poesia irakurleak sortzeko beharrezkoa dela poesiarako marko berria sortzea". Hala, argitaletxearen lehen lanak, Luis Garde iruindarraren Barbaroak baratzean poema liburuak, argia ikusi berri du. Juaristik kontatu du helburua dela "urtean bizpahiru poesia eta saiakera literario motz argitaratzea. Gaur egun, gainera, inpresio kostuak-eta asko merketu dira. Garai batean esan ohi zen mila ale baino gutxiago ateratzeak ez zuela merezi. Baina, esaterako, Garderen liburuaren 300 ale kaleratu ditugu, eta errentagarria da". Poesia lehiaketa martxan Olerkari gazteen lanak kaleratzeko asmoz, DK poesia lehiaketa ere jarri du martxan argitaletxeak, Donostia Kulturarekin elkarlanean. "Poesia sortzaile gazteek arazo handiak dituzte beren lanak argitaratzeko. Poesia asko idazten da, baina egileak bere lana argitaletxeetara bidaltzean, jasotzen duen erantzuna da poesia gutxi argitaratzen dutela, eta ateratzen duten hura, justu, bere burua defendatuko duen poesia dela". Juaristik dio "poesia gauza gero eta marjinalagoa" dela. "Irauten du, existitzen du, poema emanaldiengatik". Era berean, azkoitiar idazleak gaineratu du gazteei zuzendutako "hiru poesia sariketa baino ez" daudela. "Eta, normalean, sariketa horietara aurkezten den jendea jende kontsakratua da, ofizioa duena, eta haiek irabazten dute". Lehiaketa berria 35 urtetik beherako idazleei zuzendutakoa da, eta abenduaren 15a arte aurkez daitezke lanak. Ondoren, irabazlearen poesiek datorren martxoan ikusiko dute argia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide