Raka Maratonek Azkoitiko XIII. Herri Lasterketa aurkeztu du

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 11

Izena Azkoitiko kiroldegian edo herrikrosa.eus helbidean eman daiteke; antolatzaileek dei egin diete boluntarioei, egunean bertan lasterketa antolatzen lagundu diezaieten

Antolatzaileak eta babesleak, gaur, aurkezpenean. (Ane Olaizola) Hamahirugarren urtez, Azkoitiko Herri Lasterketa jokatuko da hilaren 25ean, eta probaren inguruko xehetasunak emateko agerraldia egin dute goizean Raka Maraton kirol elkarteko kideek, probaren antolatzaileek. Azken urteetan bezala, 16:30ean hasita, hamar kilometroko ibilbidea egingo dute korrikalariek herrian zehar, eta iazko ibilbide bera errepikatuko dute. Lasterketan parte hartzeko izan-emate epea zabalik dago aurreko hiletik. Izena Azkoitiko kiroldegian eta herrikrosa.eus webgunean eman daiteke, eta aurrez inskribatzen denak 10 euro ordaindu beharko du. Egunean bertan ere egongo da izena emateko aukera, 14:30etik 16:00etara artean, baina orduan 15 euro ordaindu beharko da. Antolatzaileek adierazi dutenez, lasterketan 400 bat lagunek parte hartzea espero dute, oraindik "jende gutxik" izena eman badu ere. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere lasterketaren lagunduko duten boluntarioak behar dituztela azpimarratu dute, eta interesa dutenei 15:30ean plazara agertu daitezela dei egin diete. Era berean, iazko boluntarioei zein aurtengo laguntzaile guztiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek. Lasterketa herrikoia izanik, helmugara iristen diren lehenengo hiru gizonezko eta emakumezkoek trofeoa eta sariak jasoko dituzte, eta guztien artean beste hainbat opari zozkatuko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide