Adinduen Astea ospatuko dute datozen egunetan Azkoitiko San Jose egoitzan

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 10a

Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleen bisitez gain, egoitzako aiton-amonek txokolatadak, bingoa eta karta-jokoak dituzte agendan

Azkoitiko San Jose Egoitzak Adinduen Astea antolatu du beste urte batez. Denetariko ekintzez jositako astea prestatu dute, eta asteartean ekingo diote egitarauari. Hilaren 19an, igandez, emango diote amaiera aste berezi horri, Sendiaren Egunarekin. Prestatutako ekintzen artean, Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleen bisita jasoko dute San Jose egoitzako egoiliarrek. Hori ez ezik, txokolatadak, bingoa eta karta-jokoaz gozatzeko aukera izango dute. Aurten, XXVII. Seiko Urre Txapelketa jokatuko dute. Asteburuan, aldiz, musika izango da protagonista. Zapatuan, azaroaren 18an, Bizkargi Musika Eskolako ikasleek emanaldia eskainiko dute. Arratsaldean eta gauean Iñaki Basabe abeslaria arduratuko da bere gitarrarekin giroa berotzeaz. Igandean, Sendiaren Eguna ospatuko dute. Goizean meza izango da, eta haren ostean, Javier Zubizarreta alkateak opariak banatuko dizkie egoiliarrei hamaiketako garaian. Asteari bukaera emateko, bazkaria egingo dute senideekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide