Elkarguneko kantxan dago rokodromo berria. (Mailo Oiarzabal)
Kirol eskalada egiten dutenek aukera hobea izango dute aurrerantzean Azkoitiko Elkargunean. Izan ere, rokodromo berria jarri dute kiroldegian.
Elkarguneak bazuen eta badu beste rokodromo bat, baina horrek ez zituen betetzen erabiltzaileen behar guztiak. Hala azaldu du Pello Larrañaga Elkargunearen koordinatzaileak: "Orain arte rokodromo txiki bat genuen. Eskailerape batean dago eta polita da, bai, baina ez da altuerak-eta lantzeko egokia". Kantxarako barruko sarreratik gertu dago rokodromo hori. Berria, berriz, kantxan bertan jarri dute, bi paretaren arteko kantoi batean
L bat osatuta, zorutik sabairainoko altuerarekin.
Eskaladarako "eskaera handia" dagoela dio Larrañagak umeen eta gaztetxoen artean, "itxaron zerrendan dago jendea". Rokodromo berri eta garaiago baten eskaera ere ez da berria. "Bada denbora eskatzen ari ginela. Azkenean, udalak lanak lehiaketara atera zituenetik azkar joan da kontua, hilabete bat pasatu da". Rokodromoa eraikitzeko lanak are arinago egin dituzte, "astebete pasatxo" iraun du obra nagusiak; joan den ostiralean bukatu zituzten obrak. 30.000 milioi euroko aurrekontua du proiektuak.
Rokodromoaren paretak bukatuta eta erabiltzeko moduan daude, baina oraindik ez dago guztiz osatuta instalazioa. "Sokak iristeko zain" daudela azaldu du Larrañagak. Hala ere, badaki erabiltzaile batzuek probatu dutela dagoeneko rokodromo berria, etxetik ekarritako sokekin.
Elkargunean lau egunetan ematen dituzte eskalada ikastaroak: astelehenetan eta asteazkenetan bi orduko saioak egiten dituzte, eta ordubetekoak astearteetan eta ostegunetan. Ikastaroetatik kanpo ere erabili ahalko da rokodromo berria, baina ez kantxan partidak daudenean.
Beste lan batzuk
Rokodromo berriarena ez da Elkarguneko kantxan egin duten obra bakarra.
Hain zuzen ere, lanean ari dira egunotan bertan. Kantxarako sarbideak ari dira hobetzen, alde batetik; ate berri bat jarri dute kanpoaldetik kantxara zuzenean heltzeko, lehen zegoena baino handiagoa, "zamalanetarako irisgarritasuna hobetzeko, batetik, eta larrialdietarako irteera bezala erabiltzeko, bestetik". Saskibaloiko saski berriak ere jarriko dituzte, goi mailako konpetiziorako homologatutakoak. Hori dela eta, saskiak gordetzeko espazio gehiago ere beharko dute eta biltegi berria ari dira egokitzen, garai batean igerilekuko filtroak-eta gordetzeko erabiltzen zen gela batean.