Jesus Juaristik –argazkian, eskubian– ehun aldiz baino gehiagotan eman du odola. (Argazkia: Nerea Uranga)
Dagoeneko 106 aldiz eman du odola Jesus Juaristik (Azkoitia, 1957). Iaz eman zuen 100. aldiz. Hori dela eta, Gipuzkoako Odol Emaileen Elkartearen omenaldia eta oroigarria jaso zituen herenegun, Loiolan. Ez da kopuru hori gainditu duen azkoitiar bakarra: Fernando Azpitartek ere horrenbeste alditan eman du.
Noiz hasi zinen odola ematen?
22 urterekin eman nuen lehen aldiz.
Nolatan hasi zinen?
15 urterekin istripu bat izan nuen, eta orduan, sei odol poltsa jaso nituen. Ospitalean nengoela, Pasaiako gizon bat etortzen zen bisitara, eta hura zer lan egiten ari zen ikusi nuen. Ondoren, sei urtez analisiak egiten jardun nuen odola emateko aukerarik neukan ikusteko. 22 urterekin balekoa eman zidaten, eta ordutik eman dut odola. Aurrena neuk odolaren beharra izan nuen, eta horrek egin ninduen emaile.
Dagoeneko ehun odol ateraldi egin dizkizute, baina emaile izaten jarraitzen duzu.
Bai, 106. aldiz joan den astelehenean eman nuen.
Horrek esan nahi du urtean behin baino gehiagotan eman duzula.
Normalean, urtean hiru aldiz ematen dut, baina egon dira lau alditakoak ere. Hiru behintzat, seguru.
Esan ohi dute hainbeste aldiz odola ematea pertsona sano dagoenaren seinale dela.
Odola emateko inportantea dena da: norbera sano egotea eta borondatea edukitzea. Horiek biak uztartuta nahikoa da.
Azkoitian alde horretatik borondate handia dagoela esaten da, odol-emate asko izaten direlako.
Gipuzkoako odol emaileen zerrenda hartu eta kopuruz Donostiaren hurrengoa Azkoitia da. Azkoitiaren aldean herri handi asko dago: Irun, Eibar, Tolosa... Gertatzen dena da, zentzu horretan, Azkoitian borondate oso handia dagoela.
Beraz, azkoitiarren odola daraman jende asko izango da.
[Kar, kar, kar] Hala ematen du!
Gazte jende gutxi animatzen da odola ematera, zer esango zenieke haiei?
Nik esango nieke aurrena probatzeko. Gaur egun dauden erizainak oso-oso profesionalak dira; beraz, aurrena eman bi-hiru alditan, eta gero, jarraitzeko gogoa egiten da. Ikusiko dute!
Zure odola jaso duen norbait ezagutu al duzu?
Bai, bai. Behin emakume bat ebakuntza egiteko zain zegoen, eta odola falta zen. 0- daukagun bost lagun joan ginen Azkoititik Donostiara odola ematera. 0- odola edozeini eman dakioke, baina norberak hori bakarrik hartu dezake.
Orduan, odol mota hori behar duten kasuetan ere ematera deitzen zaituztete?
Bai, noski hartzaile guztientzat balio duen odol mota da; baina 0- duenak ez du aukera hori, odol mota hori bakarrik jaso dezakeelako.
Ehun alditan baino gehiagotan eman duzu odola. Jarraitzeko asmoa al daukazu?
Bai, bai, noski. 70 urtera arte eman omen daiteke odola, eta osasunak laguntzen badu, urte horiek harrapatu arte odola ematen jarraitzeko asmoa daukat.