Baskoniaren sasoi hasiera kaskarra baliatu nahi du Gipuzkoa Basketek gaur, Buesa Arenan irabazteko (12:30). Xabi Oroz kapitainak (Azkoitia, Gipuzkoa, 1996) badaki ez dela lan erraza izango, baina argi du orain arte erakutsitako joko mailari eusten badiote aukera izango dutela. Sasoia ondo hasi arren, oinak lurrean ditu. «Gure helburua mailari eustea da. Bi garaipen edukitzeagatik ezin dugu beste ezertan pentsatu».
Iritsi da denboraldiko lehen derbia. Baskoniak ACB liga eta Euroliga artean garaipen bakarra lortu du. Garairik egokiena da haren aurka jokatzeko?
Batetik, garai aproposa izan daiteke, bolada txar hori baliatuz min handiagoa egin diezaiokegulako. Baina, bestetik, gogoz egongo dira zaleen aurrean partida on bat egiteko. Guk, dena den, ez dugu haiengan pentsatu behar.
Beldurrik gabe gabe jokatu behar dugu, eta nor baino nor lehiatu.
Erasoan ez dabil fin Baskonia, eta defentsan puntu asko jasotzen ari da. Non egon daiteke zuek partida irabazteko gakoa?
Haien kontraerasoa geratzea erabakigarria izango da. Oso talde dinamikoa da, eta eroso sentitzen da bizkor jokatzen. Ezin diegu utzi kontraeraso errazak egiten. Ez zaigu puntu askoko partida komeni. Horretarako, orain arte defentsan erakutsi dugun sendotasunari eutsi behar diogu. Hortik abiatuta, uste dut erasoan lasaiago arituko garela. Oro har, nahiko fin aritu gara orain arte. Okerrago aritu garenean, ez da izan jaurtitzeko aukera txarrak hautatu ditugulako, baizik eta beti ez zaudelako horren fin. Horri heldu behar diogu. Gainera, markagailuan errentaren bat lortzen badute ere, gure jokatzeko moduari eusten saiatu behar dugu. Ezin dugu amore eman.