Azkoitiko merkatari txikiei bultzada emateko asmoz, Herrixen Eguna antolatu du Herrixen merkatari elkarteak bigarren urtez. Saltoki txikiek herrian egiten duten ekarpenaren inguruan kontzientzia sortzea eta herritarrek egunaz gozatzea dira helburuak, antolatzaileen esanetan. "Ilusioa behintzat jarri dugu, eta uste dugu herritarrek eskertuko dutela. Nahi duguna da jendea ohartzea hementxe gaudela, hurbil, eta hiriburuetara edo Internetera jo aurretik, herriko denda txikiek zer eskaintzen duten ikusi eta bertan erostera animatu nahi ditugu", azaldu du Sara Rodriguez Herrixen elkarteko teknikariak.
Aurreko urteko egitarau antzekoa prestatu dute aurtengorako: bihar, Herrixen tonbola zabalduko dute Torre Zurin, 18:00etan, eta 21:00etara bitartean egongo da irekita.
Larunbatean, egun osoko ekitaldiak izango dituzte plazan. 11:30etik 14:30era, txorizo dastaketa egingo dute, eta trikitilariek girotuko dute goiza. Era berean, tonbola zabalik izango da. Arratsaldean, berriz, umeentzako puzgarriak eta tailerrak izango dira, musikarekin lagunduta.
Horrez gain, II. Zakelmari Pintxo lehiaketa ere egingo dute. Tta-kun, Orbela, Koxka, Zurt, Latz eta Etxe-Aitz tabernek hartuko dute parte lehiaketan, eta, egun osoan zehar, herritarrek haien pintxoak jateko aukera izango dute euro batean. Arratsaldean izango da sari banaketa.
Horrez gain, txu-txu trena ibiliko da egun osoan zehar.