ARGAZKI BILDUMA: Giro ederra lagun, jendetza ibili da Elosuko ferian

Ainitze Agirrezabala 2017ko urriaren 12a

Jende askok erosketak egiteko aprobetxatu du goiza, eta beste batzuk, ganaduari begira edo puzgarrietan jolasean ibili dira.

Giro eguzkitsuak animatuta, jendetza joan da Elosuko ganadu feriara. Haietako askok erosketak egiteko aprobetxatu dute goiza, izan ere, denetarik aurki zitekeen postuetan: arropa, aterkiak, janaria, jostailuak, fruta… Beste batzuk, berriz, ganaduari begira edo puzgarrietan jolasean ibili dira. Auzoko frontoian ere giro aparta izan da, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin. Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariek ere saioa egin dute kantuan. Elur Txiki elkarteak antolatu eta Azkoitiko eta Bergarako udalek lagunduta, Elosun usadioa diren ganadu feriaz eta artisauen eta bertako produktuen azokaz gain, Elosuko ikatzarekin erretako auzoko txahala dastatzeko aukera izan dute goiz partean Elosura joan direnek. Izan ere, aurten Elosun auzolanean egin dute txondorra eta handik ateratako ikatzarekin erre dute txahala. Auzoko elizan, berriz, dozena erdi inguru mahai jarri dituzte, eta dozenaka lagunek bertan egin dute mokadutxoa. Indartsuena goiza izaten den arren, arratsaldean ere jarraituko du festak. Asto proba izango da 17:30ean, eta Eneko Txapelen bi asto Azkoitiko Ixidro Erretegiko astoaren aurka neurtuko dira. Probaren ostean, erromeria izango da, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariekin. Hona hemen goizean hartutako irudi batzuk: [flickr_set id="72157689360488226"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide