Azkoitian beren etxebizitzetan bakarrik bizi diren eta hauskortasun egoeran dauden 70 urtetik gorako zazpi pertsona izango dira datorren astetik aurrera martxan jarriko den programaren lehenbiziko onuradunak. Eskainiko den arreta zerbitzua Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuekin, osasun zerbitzuekin eta herriko farmazialariekin koordinatuta egingo dute, elkarlanean. Horiez gain, babes arreta jasotzeko premia duten beste bost pertsonei laguntza eta aholkularitza ere emango zaie, beren babes pertsonala eta ondarea bermatzeko helburuarekin. Aurrerantzean, beraz, hauteman diren kasuei erantzuteaz gain, arreta eta laguntza beharrean dauden pertsonen egoera berriak identifikatzea izango da Azkoitiko egoitzaren helburua.
Hurkoako zuzendari gerentearen esanetan, “beharrezkoa” da laguntza behar duten pertsonengandik eta familiengandik “gertu” egotea, hauskortasun eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko “eskura dituzten balibideak” ezagutu ditzaten. Era berean, De la Cuestak gaineratu du, azken urteetako esperientziak “argi” erakutsi dietela bulego berriak zabaldu dituzten udalerrietan, Arrasaten zein Irunen, esaterako, inguruko gizarte eta osasun zerbitzuekin elkarlana “hobetu” egin dela, eta arreta behar duten pertsonen kasu “gehiago” azaleratzen direla. Zentzu horretan, zuzendari gerenteak aipatu du “ziur” daudela Azkoitian bulego berria zabalduta “balio handiko lana” egingo dutela.
Hauskortasun egoeran daudenak zein babes arreta behar duten kasuak profesionalek zein Hurkoa fundazioko bolondresek artatuko dituzte. Gizarte eta osasun zerbitzuekin elkarlanean aritzeaz gain, De la Cuestak dio Hurkoak herritarrekin zein herriko hainbat elkarterekin -jubilatuak, Caritas, parrokia, Azkoitia Lagunkoia, farmaziak– “harreman iraunkorra” izango duela, laguntza behar duten pertsonen kasuak hautematen “laguntzeko” helburuarekin. De la Cuestak azaldu du, "beharrezkoa” dela Hurkoak garatzen dituen programetara laguntza eman nahi duten bolondresak “erakartzea”. Hasiera batean, Caritasen, Azkoitiko parrokian edota Azkoitia Lagunkoiaren inguruan lan egiten duten hainbat lagunek hartuko dute “konpromisoa” Hurkoari laguntzeko. Hala eta guztiz ere, gaineratu du “beharrezkoa” dela denbora librea zeregin horiei eskainiko dieten bolondresen “talde egonkor bat osatzea”. Babesgabetasun edo hauskortasun egoeran dauden pertsonekin izan beharreko jokabidearen eta harreraren inguruan ikastaroa eskainiko die Hurkoak bolondres aritu nahi duten guztiei.
Azkoitiko alkateak bere aldetik adierazi du, “oso garrantzitsua” dela halako neurriak hartzea, gizarte honetako adinduen sektoreari “behar den moduan aurre egiteko, inor babesik gabe eta bakarrik sentitu eta geratu ez dadin”. Zubizarretak gaineratu du, pertsona nagusiak "duintasunez bizitzeko" eta, batez ere, behar duten laguntza jasoko dutela "bermatzeko” Hurkoa Fundazioa eta Udala, aurrerantzean, elkarlanean ariko direla.
Hurkoa Fundazioaren eta Azkoitiko Udalaren arteko harremana iazko irailean hasi zen, eta De la Cuestaren esanetan, Azkoitiko Udalari proiektua aurkeztu eta proposatu zion lehen unetik “eskuzabal eta interes handiarekin” heldu zion programari, eta gaineratu du ordutik bi erakundeak elkarlanean aritu direla proiektua gauzatzeko.Inaugurazioa, hilaren 17an
Azkoitiko egoitza ofizialki datorren asteartean, urriaren 17an, inauguratuko dute, 18:15ean, eta ordu horretan, herriko erretore Felix Azurmendik egoitza bedeinkatuko du. Ondoren, 18:30ean, irekiera ekitaldia izango da Elkargunean, eta Jose Felix Marti Masso neurologoak Bakardadea arrisku-faktore bat, memoriaren galtzean izenburupean hitzaldia emango du. Solasaldiaren ostean, mokadutxoa izango da gerturatzen diren guztientzat. Ekitaldia herritar guztientzat irekia izango da, baina joateko interesa duenak aurrez baieztatu beharko du 943 85 71 76 telefonora deituz.