Auzoko ikatzarekin erretako txahala dastatu ahalko da Elosuko ganadu ferian

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 11

Iazko Elosuko ganadu feriko irudi bat. (Argazkia: Nerea Uranga) Bihar, hilak 12, Elosun, urtero bezala, ganadu feria izango da Elur Txiki elkarteak antolatu eta Azkoitiko eta Bergarako udalek lagunduta. Elosun usadioa diren ganadu periaz eta artisauen eta bertako produktuen azokaz gain, Elosuko ikatzarekin erretako Elosuko txahala dastatzeko aukera izango da. Izan ere, aurten Elosun auzolanean egin dute txondorra eta handik ateratako ikatzarekin erreko dute txahala. Era berean, auzolanean egindako txondorraren inguruko argazki erakusketa ere ikusgai izango da. Elur Txikiko Iñigo Zubeldiaren esanetan, "dozena bat argazki izango dira, bakoitza testu labur batez lagunduta". Elosuko ganadu feriak jende andana erakartzen du, eta garraiobidea erraztearren, Azkoitiko Udalak Elosura joateko autobus zerbitzua jarri du. Hala, goizeko 09:00etatik 20:00ak arte etengabe Elosura joan eta etorrian ibiliko dira. Autobus horiek Eroski txiki aurreko autobus geltokian (Julio Urkixo kalea) egingo dute geldialdia. Hona egunean zehar izango den egitaraua: 09:00etan: Ganadu periaren hasiera. Goizean zehar artisauen eta bertako produktuen azoka izango da. Horiez gain, Elosuko ikatzarekin erretako Elosuko txahala dastatzeko aukera izango da, eta txondorraren inguruko argazki erakusketa ere izango da. 11:00etatik 14:00etara: Haurrentzako puzgarriak. 12:30ean: Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak, frontoiko oholtzan. Jarraian, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariak. 16:00etan: Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariak. 17:30ean: Asto proba: Eneko Txapelen bi asto Azkoitiko ixidro Erretegiko astoaren aurka, asto harriarekin eta astozain batekin. Ondoren, Laja II.a eta Lutxurdio trikitilariek alaituko dute giroa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide