Larunbat gaueko autobus zerbitzuaren murrizketak mantendu egingo dituzte Azkoitian

Mailo Oiarzabal 2017ko urriaren 3a

Udalbatzarrak atzera bota zuen ezeztatutako geldialdiak berriro ezartzeko EH Bilduk aurkeztutako mozioa. Udal Gobernuaren arabera, oraindik ez dira horretarako baldintzak betetzen.

Lurraldebuseko autobus bat, Azkoitian. (La Guipuzcoana) Apirilaren 15etik, Zestoa eta Eibar lotzen dituen UK45G gaueko autobus zerbitzuak ez du geldialdirik egiten Azkoitiko Ibaiondo kalean larunbatetik iganderako 02:05etik  04:05era artean; eta murrizketa horrek bere horretan jarraituko du, joan den asteazkeneko udalbatzarrean azaldu zutenez. EH Bilduk mozioa aurkeztu zuen udalbatzarrean, ezeztatutako autobus geldialdiak berriro ezartzearen alde, baina gainerako udal taldeek –Udal Gobernuan dagoen EAJk, PSE-EEk eta Azkoitia Baik– atzera bota zuten mozioa. Apirilaren 10eko goizaldean gazte batzuek autobus baten kristalak apurtu eta gidariari eraso egiten ahalegindu ondoren utzi zituen bertan behera geldialdiak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun sailak, udalarekin bilera egin ostean. Joan den asteko osoko bilkuran, Miguel Angel Bastida zinegotzi jeltzaleak adierazi zuen garraio enpresak eta Foru Aldundiak uste dutela oraindik ez direla baldintzak betetzen larunbat gauetan UK45G autobus zerbitzuak kendu aurreko geldialdiak egin ditzan Azkoitian. "Autobusak, gainera, geldialdia egiten du Azkoitian, Altzibarren; beraz, ez da egia ez dagoela zerbitzurik. Geldialdia tokiz aldatzea erabaki zen bailarakoa ez den gazte talde bat etorri eta arazoak bakarrik sortzen zituelako", gaineratu zuen Bastidak. Istiluak, "aitzakia" EH Bilduk, aldiz, uste du "neurriak hartuta" posible dela kendutako geldialdiak berreskuratzea, baina Udal Gobernuak ez duela bide horretan urratsik egin nahi, eta aldundiak ere ez diola "garrantzia handirik" eman kontuari. Jon Ander Larramendi zinegotziaren aburuz, "segurtasun langileak jarrita egin daiteke aproba, edo autobusen maiztasuna areagotuta". Larramendirentzat, apirileko istiluak "aitzakia" izan ziren geldialdiak kentzeko. "Kontua da, Udal Gobernuak ez duela nahi kanpotik jende gehiago etortzea; alkateak berak esan zuen bilera batean". Bere garaian kontzertuak antolatzeko baimenik ez ematea ere zentzu bereko neurria izan zela dio zinegotziak. Ez du uste Azkoitian asteburuak "arazo" bihurtu direnik, "baina arazoa dagoela ikusten badute, gure ustez, horrelako neurriak ez dira irtenbidea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide