Azkoitiko Udalak Xabier Munibe Haurreskolan bi aterpe egin ditu

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 29a

Udal ordezkariak eta haurreskolako kideak, gaur, estalpe berrian. Xabier Munibe Haurreskolako aurrealdeko eta atzealdeko jolastokiak estali ditu Azkoitiko Udalak. Haurreskolako kideen azken urteetako eskariari erantzunez, egurrezko egitura jarri dute, eta, beraz, aurrerantzean umeek egunero atera ahal izango dute jolastokira, eguraldiaren menpe egon gabe. Horrez gain, beste hainbat lan ere egin du udalak; esaterako, jolaslekuko lurraren zoladura berritu dute, eta lehenengo solairuan pasagune bat eraiki dute balkoiaren eta larrialdietako eskaileraren artean. Pasabideak, beraz, segurtasun handiagoa bermatuko duela adierazi du udalak, ebakuazioren bat izango balitz, umeek eta langileek barruko eskailera nagusia saihestuko luketelako. Lanek 113.000 euroko aurrekontua izan dute. Udalak adierazi du aurreko legealditik zetorren eskarietako bat izan dela haurreskolan aterpea egitea. Javier Zubizarreta alkateak eta Mari Jose Arregi Hezkuntza zinegotziak haurreskola bisitatu dute gaur, eta Maria Uriarte haurreskolako koordinatzailearekin, Maribi Benitez koordinatzaile-ordearekin eta Maria Blanco guraso elkarteko kidearekin eta hezitzailarekin bildu dira. Udalaren arabera, "pozik" daude egin dituzten lanekin: "Egia esan gurasoak ere oso pozik daude eta guri sekulako jokoa ematen digu, zeren egon izan gara bi aste atera gabe eguraldiak laguntzen ez zuelako", esan dute. Horrez gain, atzealdeko zelairako sarbidea egokitzeko eskatu die udalari, berdeguneari probetxua atera diezaioten.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide