Irene Elorza. (Irene Elorza)
Irene Elorzaren (Azkoitia, 1972) pasioetako bat da zinema, eta Donostiako Zinemaldian lana egitea, beharra baino, saria da berarentzat. Zinemaldian, komunikazio arloan ari da lanean azkoitiarra, Zinemira sailean.
- Zein da zure egitekoa Donostiako Zinemaldian?
Zinemaldiko aldizkari ofizialeko erredaktorea naiz. Aldizkaria egunero banatzen da zine aretoetan eta beste hainbat lekutan, eta euskal zinemari dagokion Zinemira sailaren jarraipena egitea egokitu zait niri. Horrez gain, noizean behin, nire ataletik kanpo dauden beste lan batzuk ere egiten ditut. Elkarrizketak egin, prentsaurrekoetara joan, filmak ikusi eta idatzi egiten dut.
- Zein elkarrizketatzeko aukera izan duzu?
Aurtengo epaimahaiko lehendakaria den John Malkovich elkarrizketatu nuen lehenengo egunean. Niretzat hau guztia berria da, eta lehenengo egunean hori egitea egokitu zitzaidan. Nire partetik ahal nuen guztia jarri nuen. Ondoren, Carlos Saura, Felix Viscarret eta Zinemira saileko zuzendari gehienak elkarrizketatu ditut. Zuzendari batzuk hasiberriak dira, eta beste batzuk profesionalak. Egia esan, askotariko gaiak jorratu ditut. Izan ere, aurtengo Zinemira saila anitza izan da: dokumentala, fikzioa, animazioa... dago. Panorama ederra topatu dut.
- Nolakoa da zine jaialdi baten lan komunikatiboa?
Ordu askotako lana da. Egun osoa lanean zaude, baina egin ditudan beste lanetan gertatu ez bezala, ez diot erlojuari begiratzen. Hamar edo hamaika ordu igarotzen dituzu lanean, baina berdin zaizu. Ez duzu eguna bukatzerik nahi. Izugarria da hau, pila bat ari naiz gozatzen. Gogorra da, eta lo gutxi egiten duzu, baina lantalde oso ona dago. Eskarmentu handikoak dira batzuk, baina, ni eta beste lau lagun berriak gara. Oso esperientzia polita ari da izaten.
- Zinema eta zinemaren industria gertutik ezagutzeko aukera izan duzu. Zerrekin egin duzu topo?
Zinema zale amorratua naizenez, alde positiboari begiratzen diot batez ere. Ikusi dut sortzaile pila bat daudela. Esaterako, [Carlos] Saurarekin egotea lezio bat izan zen niretzat. Ikusteak 85 urteko pertsona batek oraindik sortzen jarraitu nahi duela eta bere lanarekin duen grinak zinemarekiko dudan zaletasuna indartu egiten du. Noski, egongo dira miseriak eta ego handidun pertsonak, baina oso jende interesgarriarekin egin dut topo; agian, Zinemira aparteko sail bat ere badelako. Zinemarekiko nuen maitasuna areagotu egin dit Zinemaldian lan egiteak.
- Zer ikasi duzu esperientzia honetan?
Gustuko gauzak egiten dituzunean lana baino sari bat da. Lana gustura egin dut, eta hori izugarrizkoa da.
- Bitxikeriarik ba al duzu?
Gaur [atzo], James Franco aktore eta zuzendariarekin gurutzatu naiz komunean [barreak]. Prentsaurrekora sartu aurretik, komunera nindoan, eta nire ondotik pasatu da. Goizean, bere filma (
The Disaster Artist) ikusi eta gero bera ikustea ezusteko ederra izan da.
- Ikusi dituzun filmen artean, zein gomendatzen duzu?
Francok zuzendu duen
The Disaster Artist bera oso dibertigarria da. Umorezko filma da, pertsonaia friki baten ingurukoa. Maitasunetik egindako lan bat dela uste dut, eta oso filma polita iruditu zait. Gainera, ikusleak asko dibertitu gara, eta oso zaila da zine aretoan jendea barrezka entzutea. Francok lortu egin du hori.