Euskara Eguneko egitaraua berritzeko ideia lehiaketa antolatu dute Azkoitian, ikasleei zuzenduta

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 27a

Ideia lehiaketaren helburua da abenduaren 3ko egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritzea. Azkoitiko ikastetxeetako ikasleei eta Lanbide Heziketan matrikulatutakoek har dezakete parte. Aurreneko saria jasotzen duenak, 200 euroko saria eskuratuko du.

Abenduaren 3a da Euskararen Eguna, eta data horretarako prestatzen duten egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu nahi ditu Azkoitiko Euskara Mahaiak. Hala, gaztetxoen proposamenak jasotzeko ideia lehiaketa abiatu dute aurrenekoz. Bertan parte har dezakete Azkoitiko ikastetxeetako DBHn, batxilergoan eta Lanbide Heziketan matrikulatutako ikasleek arte hartzaile bakoitzak gehienez hiru ideia aurkez ditzake. Hilaren 21ean hasi zen lehiaketa, eta urriaren 6an amaituko da parte hartzeko epea, 15:00etan.Ideiak aurkezteko bete beharreko orria hemen eskura daitezke. Horiek ikastetxeetako idazkaritza bulegoetan eta udaletxeko harrera bulegoan aurkeztu behar da, edo euskara@azkoitia.eus posta elektronikorabidali. Aurrez aurreko orriak gutun-azal txikiarekin aurkeztuko dira. Gutun-azalak kanpotik ezizena eramango du idatzita eta barruan egilearen ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa. Proposatutako ideia posta elektronikoz aurkeztuz gero, mezu bakarrean bi fitxategi bidali beharko dute parte hartzaileek, batean ideia ezizenez sinatuta eta bestean egilearen datuak zehaztuta: ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa. Epaimahaia euskara mahaia izango da —Bizilore, Azkoitia BHI, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azkoitiko Udala, Floreaga Salestar Ikastetxea, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola, Urola Lanbide Eskola, Azkoitiko AEK eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea taldeek osatzen dute—. Sariren bat eman gabe gera liteke epaimahaiaren iritziz aurkeztutako ideiak balorazio irizpideekin bat ez badatoz. Ideia irabazleak Herrixen Merkatari Elkarteko establezimenduetan erabiltzeko 200 euroko bonoa eskuratuko du; bigarren saridunak 100 euroko bonoa eta hirugarrenak 50eurokoa. Urriaren 18an jakinaraziko dituzte zein diren ideia irabazleak. Lehiaketari buruzko informazio gehiago jaso nahi duenak, 943-85 71 75 (Jasone) telefono zenbakira deitu edo euskara@azkoitia.eus  helbidera mezua idatz dezake.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide