Matadeixe Zinetogram, abiatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 25a

Ostiralean ekingo diote ikasturteari Matadeixeko zinezaleek. Arrazismoaz, etorkinez eta errefuxiatuez aritzen diren lau film aukeratu dituzte denboraldiari hasiera emateko.

Matadeixen eskaintzen dituzte filmak. (Argazkia: Beris Txokondo) Beste ikasturte batez, martxan hasteko pronto dago Matadeixe Zinetogram Zine Kluba. Ostiralean, hilaren 29an, emango dute denboraldiko aurreneko filma: The other side of hope (Kaurismaki). Azarora bitartean eskainiko dituzten filmek ardatz bezala dituzte arrazismoa, etorkinak eta errefuxiatuak bezalako gaiak. Izan ere, Zinetogramek filmetatik abiatuta gai ezberdinen bueltan hausnartzeko aukera eskaini nahi izaten die zine klubaren emanaldietara bertaratzen direnei, eta horretara dator aurtengo ikasturterako prestatu duten egitaraua ere. Honakoak dira eskainiko dituzten filmak eta datak:
  • Irailak 29: The other side of hope (Kaurismaki)
  • Urriak 13: Estiu 1993 (Carla Simon)
  • Azaroak 10: Sieranevada (Cristi Puiu)
  • Azaroak 24: I Am Not Your Negro (Raoul Peck)
Joan den ikasturtean,  ikusleek film bakoitza baloratu zuten filma ikusi ostean, horretarako jarritako kaxa batzuetan boza emanez. Jasotako botoen arabera, El boton de nacar dokumentala izan zen ikusleek gehien atsegin zutena. Bigarren gustukoena, berriz, La mirada del silencio dokumentala izan zen, eta hirugarrena, La doncella.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide