Odei Arregi: "Ipuin lotsatiak espero ez nuen unean eta tokian aurkitu nituen"

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2017ko ira. 22a, 10:55

'Ipuin lotsatiak' saioa eskainiko du Odei Arregik gaur, 18:00etan, Abaraxka aterpetxean. Saiorako sarrera bi euro ordaindu beharko da, eta horren aurretik txokolatada izango da.

(Odei Arregi) Antzerkiaren mundua "kasualitatez" ezagutu zuen Odei Arregik (Azkoitia, 1984). Jolas moduan hasi zuen ibilbideak harrapatuta, "ezin" duela antzerkigintzatik ihes egin azaldu du. Ozaetan (Araba) bizi da interpretazioaren amaraunak harrapatuta. Zer da ipuin lotsati bat? Ageri-agerian egotea gustatzen ez zaiona, liburuetatik ihes ezkutatzen dena eta oso leku eta egoera berezietan bakarrik agertzen zaiguna. Nik kontatuko ditudan ipuin lotsatiak halaxe aurkitu nituen, espero ez nuenean eta uste ez nuen tokian. Orain, nirekin joaten dira leku guztitara, eta, batzuetan, izkutatzen zaizkidan arren, badakit nola aurkitu. Lotsarik sentitzen al duzu ipuin horiek kontatzerakoan? Ez, ez da lotsa sentitzen dudana, jendearen aurrean ipuinak kontatzea asko gustatzen baitzait. Barruan sentitzen dudana gehiago da kili-kiliaren antzeko zerbait. Urduritasuna dei diezaiokegu, baina sentipen hori ere ez da erabat zehatza. Sentimendu nahasketa bat da: poza, ardura, jakin-mina... Izan ere, ipuinak bizi-biziak dira, entzuleak ere beti ezberdinak dira eta inoiz ez dakizu ziur zer gertatuko den. Zeuk sortutako testuak al dira? Ez, baina neuk aukeratu eta moldatu ditut. Ez dut libururik erabiltzen euskarri bezala, baina hainbat objekturen eta materialen bidez kontatzen ditut ipuinak eta aurkezten ditut pertsonaiak. Ipuin bakoitzari trataera ezberdina ematen diot. Nolakoa da ipuin kontaketa baten sormen prozesua? Xelebrea badirudi ere, oraingoz ez dut sortu neuk kontatzeko ipuinik. Nahiago dut besteen ipuinak kontatzea, beti ere, nire interpretazioa emanda. Kontaketa gustura egiteko, ipuinak neure egin behar izaten ditut. Saioa hainbat herritan eskaini duzu. Zer harrera izan du? Herri bakoitza misterio txiki bat da; izan ere, asmatu egin behar duzu jendearengana iristen. Normalean lortzen dut, eta entzuleak pozik ateratzen dira saiotik. Ipuin kontaketa berezia da belarrietatik bezain beste sartzen delako begietatik. Zer da zuretzat sorterrian aritzea? Besteak beste, lagunak eta familia bisitatzea. Baina, batez ere, azkoitiarrez egitea saioa. Araban bizi naiz, eta saio ugari egin ditut Euskal Herrian, baina gutxitan ausartu naiz kontaketa azkoitiarrez egitera. Badut gogoa. Zein da kontaketaren xedea? Entzuleek ipuinekin gozatzea. Ez diot inori ezer irakatsi nahi; nire ipuinak ez dira pentsatzeko, hausnartzeko edo hezteko. Guztiaz ahaztu eta entzunez gozatzeko dira. Bapatean Zirko ere sortu zenuten bere garaian. Zertan da? Bizi-bizirik dago. Iaz aurkeztu genuen Baserriko porrusalda, eta horrekin ibili gara udan. Orain, obra berriak lantzen hasiko gara. Zer harrera izan dute lanek? Oso ona. Plazaz plaza aritu gara azken urteotan, eta kaleko eskolak asko irakatsi digu. Antzezlanak eboluzionatu egiten du egiten dugun aldiro, plaza bakoitzak zerbait ematen digu, detailetxo bat bada ere, eta horrek aberastu egiten du lana. Askotariko diziplinak uztartzen dituzue: zirkua, clowna, dantza, txotxongiloak... Horrelakoak gara. Ezin dugu geldirik egon, zerbait berria probatzeko gogoz gaude beti. Ideia bakoitzak adierazteko modu bat eskatzen du, eta horregatik egiten ditugu nahasketa xelebreak. Diziplinak kontatu nahi duguna taularatzeko tresnak dira. Lan bat sortzerakoan, zer prozesu jarraitzen duzue? Auskalo! Batzuetan, ideia bati tiraka idazten dugu gidoia; beste batzuetan, pertsonaiak sortzen ditugu lehenik eta gero etortzen dira istorioak; eta askotan, inprobisazioa erabiltzen dugu eszenak sortzeko eta gero etortzen da horiei zentzua ematen dien istorioa. Sormenerako ez daukagu errezeta bakarra. Herritar guztiei zuzendutako lanak egiten dituzue. Nola iristen zarete guztiengana? Askotan, nahi gabe. Batez ere, kale antzerkia egiten dugu, eta horrek berarekin dakar aniztasuna. Kaleak ez du diskriminaziorik onartzen. Atauri Art jaialdi txikia ere antolatzen duzue. Oso harro gaude jaialdiarekin. Atauri Arabako herri txiki bat da [20 biztanle ditu]. Han bizi izan gara zortzi urtez, eta duela bost urte hasi ginen formatu txiki eta ertaineko ikuskizunen Atauri Art egitasmoa antolatzen. Oso artista onek parte hartu izan dute, eta giro bikaina izaten da. Atauriko biztanleek asko estimatzen dute jaialdia, eta artistentzat plaza ederra da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide