Katuen eta txakurren zaintzailea

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 21a

Txakurrak eta katuak etxez etxe zaintzen hasi da Mailu Albizuri, Azkoitian. Animaliak behar bezala zaintzeko zailtasunak dituzten "jabe arduratsuentzat" da zerbitzua.

Mailu Albizuri, 'Teba' txakurrarekin. (Ihintza Elustondo) Animaliak asko gustatzen zaizkio Mailu Albizuriri (Azkoitia, 1970). "Gehiegi, agian. Nire pasioa dira". Hainbat lanetan aritutakoa da, baina oraingo honetan, gustatzen zaion hori egitea erabaki du: katuak eta txakurrak zaintzen hasi da. Etxez etxeko zerbitzua da berak eskaintzen duena: bezeroaren etxera joaten da haren katua zaintzera edo txakurra paseatzera ateratzera. Animalia ezberdinak dira katua eta txakurra: "Katuek egin beharrekoak etxean egiten dituzte, baina txakurrek ez". Eta, horregatik, zerbitzu ezberdina eskaintzen du haietako bakoitzarentzat. Oraingoz, bi katu zaintzen ditu: "Bezeroaren etxera joaten naiz, eta katuak agurtzen ditut. Begiratzen diet, janaria eta ura aldatzen dizkiet, hondar kaxak- eta garbitzen ditut, zikinkeriak atera... Gainera, katuetako batek begietan gaixotasuna du, eta begiak garbitzen dizkiot. Gero, nire lehen lanak egiten ditudanean, gainontzeko denbora guztia katuekin ematen dut: jolasean, orraztu egiten ditut, irratia pizten diet... Ikus dezatela ni natorrenean mugimendua badagoela. Katua oso independentea izaten da, baina gustatzen zaio jendearekin egotea ere; bestela, tristatu egiten dira". Txakurrekin bestelakoa litzateke Albizurik egingo lukeen lana –oraingoz, ez du txakur jabea den bezerorik–. Fitxa bat ere prestatu du, arau batzuk zehazten dituena: "Beti katearekin aterako nuke txakurra; kaka jasotzeko poltsa ezinbestekoa da; euria egiten duenean buelta txikiagoa egingo nuke, eta gero lehortzeko toaila bat beharko nuke; oso bero dagoenean ere buelta txikiagoa egingo nuke...". Txakurraren kasuan, ez luke denbora asko pasatuko jabearen etxean: "Txakurra hartu, irten eta uztera sartu besterik ez nintzateke egingo. Bestela, ni ez naiz etxean egon ere egiten; katuarekin gehiago egoten naiz". Behar bat egon daitekeela ikusi duelako otu zaio Albizuriri katuak eta txakurrak zaintzen hastea: "Lehengoan, batek esan zidan bazkari bat ezeztatu behar izan zuela ez zuelako inor txakurra ateratzeko. Edo gerta daiteke gaixo zaudela, lumbagoarekin, eta ezin duzula txakurra atera; edo komunioa duzula; edo lan askorekin zabiltzala eta ez duzula denborarik animaliak zaintzeko...". Jende mota horri zuzendutako zerbitzua da Albizurirena. Hark dioenez, badaki "jabe arduratsuek" deituko diotela. "Batzuei ez zaie inporta hamalau  orduz txakurra etxe barruan edukitzea. Baina txakur horrek gero arazoak ekartzen ditu: irteten denean ez da egoten sozializatuta, okerrak egiten ditu estresagatik edo aspertu egiten delako... Pentsatzen dut diruari hainbeste begiratzen ez dion eta animaliak osasuntsu izatea nahi duen jendeak deituko didala. Animaliak behar bezala zaintzeko zailtasunak dituzten jabe arduratsuentzat da nire zerbitzua". Albizurik ez dauka animaliak trebatzeko titulurik, ezta albaitaritzako kurtsorik ere. "Nik etxean animaliekin lortu dudan ezagutza daukat, nire esperientzatik ikasi dudana dakit". Hori bai, ezin esan dezake eskarmenturik ez duenik. "Hogei urtean hiru txakur izan ditut, eta katuak ere eduki ditut, txiki-txikitatik. Katu artean hazitakoa naiz. Nire ama izan da animalistarik handiena, eta hark itsatsi digu hori anaiari eta bioi; natura eta horrelakoak oso presente ditugu". Egun, katua eta txakurra ditu etxean. Ideia, Alemaniatik Albizurirena lanbide berritzailea dela pentsa dezake zenbaitek, ez delako oso ohikoa Euskal Herrian, baina atzerrian indarra hartzen ari da. Haren alaba Munichen (Alemania) bizi da, eta han ezagutu zuen katu eta txakur zaintzaileen zerbitzua. "Diru pixka bat ateratzeko asmoz, aplikazio batean profil bat egin zuen, eta egundoko eskariak jasotzen ari da". Hori jakinda, zerbitzu hori hemen ere zenbaiti ondo etor dakiokeela pentsatu eta animatu egin da ama ere. Asteburuetan ere lan egiteko prest dago Albizuri, baina argi utzi nahi izan du Azkoitian bakarrik lan egingo duela. "Ez datorkit ondo Azpeitira-eta mugitzen hastea, ze ez daukat kotxerik eta autobusean bueltaka hasi beharko nuke". "Anbizio" handirik ere ez duela dio: "Bi edo hiru bezero ateratzen bazaizkit, ba horietxekin. Bestela, garbitzailea naiz, etxeko lanak egiten ditut, eta neure katuarekin eta txakurrarekin egoten naiz". Argi dago animaliak asko maite dituela, eta kezkatuta dago horiek herrian bizi duten egoerarekin. "Txakurra bizi osoan lotuta edukitzea delitua da, baina zenbat lekutan daude horrela? Askotan, altzari bat bezalaxe dira. Katuekin ere kexatu egiten gara, gaixotasunak ekartzen dituztelako, zikinak daudelako, molestatu egiten dutelako... Baina zerbaitegatik daude hainbeste katu kalean: abandonatu egin dituztelako, gero umeak izan dituztelako, ez dituztelako antzutu... Txarra bakarrik ikusten dugula iruditzen zait askotan; kontzientzia falta dela uste dut".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide