Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketarako lanak urriaren 31ra bitartean aurkeztu daitezke

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 19a

Lehiaketaren iazko saridunak. (Azkoitiko Udala) Azkoitiko Kultur Elkarteak, hogeita hamaseigarren aldiz, Bizenta Mogel Ipuin Lehiaketa antolatu du udalaren laguntzarekin, eta oinarriak kaleratu ditu dagoeneko. Partaideek urriaren 31ra bitartean aurkeztu ditzakete lanak,  udaletxean. Hemezortzi urtetik gorakoek har dezakete parte lehiaketan, eta euskaraz idatzi beharko dituzte ipuinak. Lau eta hamar orri bitarteko ipuinak izango dira, orriaren alde bakarrean eta tarte bikoitzaz idatziak. Era berean, lanak originalak eta inon argitaratu gabeak izango dira. Gaitzizen batekin izenpetuta, Azkoitiko Udaletxearen honako helbidera bidali behar dira ipuinak: Azkoitiko Udala. Herriko enparantza z/g. Azkoitia 20720. Horrekin batera, gaitzizen berdina daraman beste kartazal bat ere  aurkeztu beharko da, egilearen datu pertsonalekin. Epaimahaiak azaroaren 29an hartuko du saridunen gaineko erabakia. Sariei dagokienez, irabazleak 600 euro jasoko ditu; bigarrenak, 400 euro; eta hirugarrenak, 300 euro. Oroigarri bana ere emango diete hiru saridunei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide