Imanol Aleson, Italiako Tor de Geants mendi lasterketan. (Argazkia: Angel Aleson)
Lau egun eta hiru gau behar izan ditu Imanol Alesonek (Azkoitia, 1972) Italiako lurretan jokatu den 330 kilometroko Tor de Geants mendi lasterketa burutzeko. Joan den igandean abiatu zen Alpeetan zehar, eta herenegun arratsaldean, 18:41ean, bosgarren iritsi zen helmugara, 81 orduko, 17 minutuko eta 37 segundoko abenturaren ondoren.
Hankak bizkor eta burua fresko, probak iraun duen denboran "ordu eta erdiko lo kuluxka besterik ez" duela egin aitortu du azkoitiar korrikalariak. "Dutxatu, afaldu eta ohea harrapatu dudanean, hamaika ordu jarraian egin ditut lo, seko. Gaur goizean [atzo] esnatu naizenean, gosaldu eta berriro etzan naiz. Poliki-poliki ari naiz errekuperatzen".
Ogibidez suhiltzailea da Aleson, eta "izugarri maite" du mendia. Italiako probaren aitzakian, furgoneta hartu eta hamar bat eguneko oporrak egiteko baliatu dute lasterketa bost lagunek: lau korrikalarik eta haiei laguntzera joan den Alesonen anaia Angelek. Izan ere, norberak egin behar ditu 330 kilometro horiek, baina ibilbidean zehar laguntzeko inguruan norbait izatea "beharrezkoa" dela dio. "Bakarrik etortzeko hau ezinezkoa da. Anaia anoa postu askotan izan dut zain, eta pila bat zaindu nau. Meritu latzak ditu".
Tor de Geants irabazi duen Gasteizko Javi Dominguez, Angel anaia eta hirurak alokairuan hartu duten apartamentu txikian atseden hartzen zeudela hitz egin zuen Alesonek Urola Kostako Hitzarekin. Carlos Moranek eta Felipe Artiguek proba noiz bukatuko zain zeuden. Igandera arte egongo dira Italian bost lagunak, eta "mendia nahikoa ikusi" dutenez, Erroma eta inguruko bazterrak bisitatzeko asmoa dute. "Baina lehenbizi, afari eder bat egingo dugu elkarrekin".
Guztira, 750 korrikalarik parte hartu dute proban, eta atzo eguerdian, artean, erdiek baino gehiagok bukatzeke zuten. Larunbateko 16:00ak arteko epea dute helmugan sartzeko.
90 ordutan, aurreikuspena
Horrelako lasterketa luzeetan, egun gutxitan "dena jokatzen" da, Alesonen esanetan, eta "oso beharrezkoak dira probara ondo iristea eta egun horietan dena ondo ateratzea". Proban parte hartu aurreko egunetan, ezagutzen dituen beste lasterkari batzuen aurreko urteetako "denborak aztertu" zituen, eta paperaren gainean aurreikusi zuen 90 ordutan egitea lasterketa. "Uste baino sentsazio hobeekin ibili naiz. Gorputzak ondo erantzun dit, eta aurrera eta aurrera, azkenean 81 ordu behar izan ditut proba bukatzeko. Oso gustura nago egindako lanarekin". Harrigarria bada ere, azkoitiarraren esanetan, ez zaio baba bakar bat ere atera hanketan. "Detaile txiki asko kontuan hartu behar izaten dira lasterketa batean, eta oraingoan dena ondo atera da. Gainera, denbora hobetzea lortu dugu". Italiako Tor de Geants proban parte hartzen duen bigarren aldia du aurtengoa Alesonek. Duela bi urte parte hartu zuen aurrenekoz azkoitiarrak, baina giro narratsa eta elurra medio, lasterketaren 280. kilometroan bertan behera geratu zen proba. Aurtengoan, giroa lagun izan dute: "3.000 metro inguruko garaierako mendietan ibili gara. Egunez giro ederra egin digu, baina gauez izugarrizko hotza izan dugu, zeropetik 12 gradu".
Denboraldia amaitzear
Iragan otsailaren azken hondarrean hasi zuen denboraldia Alesonek, eta asmoa du Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen dituen Basque Ultra Trail Seriesen azken probarekin ixtea jarduna, urriaren 7an. "Gero, hilabeteko atsedena hartuko dut, eta, ondoren, datorren urteko egutegiari begira hasiko naiz. Gure amak esan ohi du ezina berez etortzen dela, eta gai garen artean, behintzat, segi egingo dut mendi lasterketetan".