Ospakizunetan blai

Mailo Oiarzabal 2017ko irailaren 14a

25. urteurrena ospatzeko egun osoko festa prestatu du Azkoitiko Zubiaurre Igeri Elkarteak. Zapatuan izango da eta, besteak beste, 160 bat lagun elkartuko dira festa eguneko bazkarian.

Zubiaurreko igerilari gaztetxoak. (Zubiaurre Igeri Elkartea) Urte berezia da aurtengoa Zubiaurre Igeri Elkartearentzat. Orain dela 25 urte sortu zuten Azkoitiko igeriketa kluba, eta urteurren hori oso presente daukate egungo kideek: irudia berritu dute, kirol jantziak ere bai... Eta zapatuan, klubeko egungo zein garai bateko kideek hitzordua dute, urteurrenaren festa ospatuko dutelako Zubiaurrekoek. Egun osoko egitaraua osatu dute. Klubean daudenentzat eta egondakoentzat gorde dituzte tarte batzuk; horrela, 160 bat lagunek eman dute izena Joseba jatetxean egingo duten bazkarirako. Baina ospakizunak ez dituzte mugatu nahi izan; alderantziz, "herritar guztiak" gonbidatu nahi dituzte egun berezia beraiekin batera gozatzera eta, bereziki arratsalde partean, kalera aterako dute festa giroa. Hitz batean: transmisioa Urteurrenaren ospakizun nagusiak ikasturte hasierarekin bat egingo du. Oraindik izen ematea irekita dute Zubiaurren, baina dagoeneko 150 bat igerilarik eman dute sasoi berrian klubean aritzeko izena. Bi entrenatzailek egingo dute lan igerilariekin, 110-120 familiak osatzen duten bazkidegoa, eta zortzi kidek zuzendaritza batzordea. Horietako bat da Pablo Dominguez Usabiaga (Azpeitia, 1972). Zubiaurreren sorreratik izan den bezala, igerilarien gurasoek osatzen dute gaur egun ere zuzendaritza. "Hau ez da beste kirol batzuk bezala. Gurean, gurasoak sartzen dira, edo ez du aurrera egiten. Hemen, zuzendaritzan behintzat, ez dago inor igeriketaren oso zaletua-edo delako. Gure seme-alabak apuntatu egin ziren, eta badakigu haien nahiak eta geureak aurrera ateratzeko busti egin behar garela", dio. Horrela, lau urtean behin "edo sarriago" zuzendaritza berrituta egin du aurrera klubak. Eta ondo, Dominguezen hitzetan: "Zubiaurrek zerbaitetan asmatu badu, hitz batean esateko, transmisioan izan da; hori izan da klabea. Ni azken urte honetan nago hemen. Sartu, eta kontuak oso ondo eramanda, inongo zorrik gabe... Konturatzen zara aurrekoek serio egin dituztela gauzak". Instalazioen muga 25 urte eta gero, kluba "oso momentu onean" ikusten du, "baina baita baldintzek okertu dezaketen egoera batean ere". Kirolari kopuruari dagokionez, Zubiaurre hazten ari da, baina alderdi baikor horrek Azkoitiko udal igerilekuaren mugekin egiten du topo. "Asmoa ez da etengabe hazten jarraitzea, baizik eta izena eman nahi duten guztiei erantzun ahal izatea. Eta aurten, adibidez, ia ezinezkoa izango da hori", nabarmendu du Dominguezek. Instalazioen arazoari eutsi egin behar zaiola uste dute Zubiaurren, eta ez bakarrik klubari eragiten dizkion eragozpenengatik. "Erabiltzen ditugunak, zorionez, instalazio publikoak dira, ez dira gureak, eta herritar guztien beharrei erantzuteko daude. Kontua da, gure klubaren beharrei ez erantzuteaz gain, gainerako herritarren beharrei ere ez diela erantzuten igerilekuak, gaur egun", dio batzordekideak. Bide horretan, Instalakuntza Duinak Orain talde sortu berriaren ekimena interesgarria iruditzen zaio Dominguezi, instalazioen gaineko "debatea pizten" lagun dezakeelako. 25. urteurren festaren egitaraua Irailak 16, larunbata: 10:30-11:30. Igerilari txikientzako jolasak, igerilekuan. Herriko haur denei zuzenduta. 11:30-12:30. Igerilari, master eta igerilari ohien arteko erronka jolasak, igerilekuan. 13:00. Trikipoteoa, Orbelatik hasita. 14:30. Bazkaria, Joseba jatetxean. 16:00. Herriko umeentzat ur jolasak, plazan. 18:30. Txikienentzat doako talo tailerra, Kontzejupean. 18:30-20:30. Talo salmenta herritar guztientzat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide