Lander Egia, Tolosatik Tokiora bizikletan egindako bidaian. (Lander Egia)
Tolosatik Tokiorako bidea bizikletaz egin duen bidaiariaren bizipenak; motxila bizkarrean, Bolivia eta Brasil zeharkatu dituzten hiru lagunen esperientziak; Galapago uharteetan bizitakoak kontatuko dituen bikotearen istorioak, eta norbere kabuz Ghana ezagutzea erraza dela dioten bi lagunen kontakizunak izango dira protagonistak Azkoitiko Bidaia Tertulietan.
Hamazazpigarren edizioa hasiko dute ostiralean Kultur Etxean, 19:30ean, Tolosatik Tokiorako bidea bizikletaz egin duen Lander Egiaren eskutik. Abenduaren 15era arte luzatuko dira hitzaldiak; lau guztira, hil bakoitzeko hirugarren ostiraletan guztiak. Azaroaren 17an, Galapago irletako bizipenen inguruan Gorka Aldalur azkoitiarrak Evelyn Navarrete bikotekidearekin batera eskainiko duen saioa gaztelaniaz izango da, azken hura Ekuadorrekoa izanik euskaraz ez dakielako.
Pertsona guztiek bidaiatzeko aukera bera ez dutela jabetuta, eta esperientziak kontatzeko eta trukatzeko halako espazio bat sortzea interesgarria litzatekeela iritzita, 2001eko udazkenean hasi zuten bidaia propioa Azkoitiko tertuliek. Hala, Julen Garatek, Edurne Nuñezek, Xabier Larrañaga
Txantonek eta Ixaak Agirrek antolatu zituzten tertuliak dozena bat urtez, duela bost urte uztea erabaki zuten arte. Orduan hartu zuten haien lekukoa Ainhoa Aldalurrek, Estela Ruiz de Azuak, Iban Aranbarrik, Xabier Arenazak eta Itziar Beristainek. Azken horren esanetan, beraien kuadrillako Aldalur "asko" joaten zen bidaia tertulietara ikusle modura, eta haren bidez animatu ziren lehengo taldeari erreleboa hartzera.
Martxorako dena lotuta
Gaur egun, Glasgown (Eskozia) bizi da Aldalur, eta, beraz, gainontzeko laurak arduratzen dira tertuliak antolatzeaz. Martxoa alderako eskatu behar izaten dute diru laguntza udalean, eta, beraz, ordurako hizlariak lotuta izaten dituztela adierazi du Beristainek: "Normalean, taldeko kideren batek ezagutzen dugu bidaia interesgarriren bat egin duen norbait, eta saiatzen gara bizitako esperientzia kontatzera animatzen. Edo, ez dakit zer herritako bidaia tertuliaren batean norbaiten hitzaldia interesgarria iruditu bazaigu, Azkoitira ekartzen saiatzen gara". Zentzu horretan, Beristainek gaineratu du, Bidaia Tertulietako kide izan nahi dutenek edota bidaiak herritarrekin partekatu nahi dituztenek
azkoitikobidaiariak@hotmail.com helbidera idatzi dezaketeela.
Eserlekutik mugitu ere egin gabe, hamaika bazter ikusteko parada eskaini dute hamarkada luzez hitzaldiok, eskarmentu handiko bidaiariak ekarriz, herritarrak eta herritik kanpokoak. Entzundako tertulia guztien artean mimo bereziz gordetzen duen hizlaria zein duen galdetuta, Josu Iztueta dio Beristainek: "Pixka bat erreferentea da guretzat. Gainera, pertsonalki ezagutzen dugu, eta beharra dugun guztietan prest da laguntzeko. Nairobira autobusez egindako bidaia tertulia izugarri gustatu zitzaidan". Hitzaldi zikloetan entzundako bidaia guztien artean deigarriena, aldiz, Elgoibarko eta Eibarko bikote batek Mongoliara egindakoa aitatu du: "Tren transiberiarraren ibilbidea osatu zuten, eta, gero, Mongolian egon ziren denboraldi bat. Gustatuko litzaidake egunen batean bidaia hori egitea".
30-40 lagun inguru biltzen dira saioetan. "Oro har, jende gaztetxoa ez da asko animatzen", dio Beristainek, "25 urtetik gorakoak etorri ohi dira, eta helduak ere animatzen dira, 60 urteren bueltakoak".
Sarean, informazioa ugari
Teknologia berriak aipatu ditu azkoitiarrak, azken hamazortzi urteotako bidaiarien bilakaera ardatz. "Gaur egun, gauza guztien informazioa dugu sarean. Lehenago, gidaliburu bat erosi, han jartzen zuenarekin konformatu eta joaten ginen ikusi nahi genuen leku horretara. Gaur egun, ordea, gida bat erosteaz gain, foroetara eta Google Street View-ra sartzen gara, eta askoz ere informazio gehiago dugu".