Jurgi Ekiza: "Ordu gutxi igaroko ditugu Azkoitian, baina indar handiko kontzertua izango da"

Ane Olaizola 2017ko abu. 11a, 11:38

Jurgi Ekiza, eskubian, gainontzeko taldekideekin. (Willis Drummond) Andramaixek girotzen hasteko, Um Ble Ble Azkoitiko tabernarien elkarteak antolatuta, Hartz eta Willis Drummond taldeek kontzertua emango dute bihar, 22:30ean, Azkoitiko plazan. Jurgi Ekiza Willis Drummondeko abeslaria (Baiona, 1980) Urola Kostako Hitzarekin izan da, eta azken diskoaz, taldearen egoeraz eta bakarkako ibilbideaz hiz egin du. Iaz kaleratu zenuten azken diskoa, Tabula Rasa, eta bi urte lehenenago taldeak eten bat hasi zuen. Willis Drummond-en berpizte bat izan al da diskoa? Bai, berpizte bat bezala izan da. Eten hori hasi genuenan ez genekien nolakoa izango zen etorkizuna. Zalantza handiko fase batean ginen. Ez genuen esan nahi taldearen ibilbidea amaitu egingo zenik, ez genekien eta taldeak zer bide hartuko zuen. Orduan, atseden bat hartu genuen. Urtebetera taldekide guztiak elkartu ginen, eta entseguak egiten eta gauza berriak lantzen hasi ginen. Gogoa sartu zitzaigun kontzertu berriak emateko, eta iaz bost kontzertu eman genituen. Gero, estudioan sartu ginen disko berri bat grabatzeko, taldearen berpiztea aprobetxatuz. Nolako harrera izan du diskoak? Ezusteko oso ona izan da guretzat. Iaz egindako bost kontzertuetan nabaritu genuen publikoa zain genuela. Diskoa geuretzako egin genuen, inolako asmo berezirik gabe. Egia esateko, harrera ona izan du, bai gure betiko publikoarengan eta baita jende berriarengan ere. Publiko berriarengana iristea lortu dugu, eta hasi garenean zuzenean aurkezten sorpresaz sorpresa ibili gara. Kontzertu askotan aretoak bete egin ditugu, eta jendea interesarekin ikusi dugu. Pozik gaude harrerarekin. Azken diskoan antzematen da 80ko eta 90eko post-punka eta rock-punka. Jauzi bat egon al da estiloari dagokionez? Ez dakit jauzi bat izan den. Ez gara izaera bakar bateko taldea; ateratzen zaigun guztia egiten dugu. Denbora igaro ahala, gauza berriak idazten eta konposatzen ditugu. Disko horretan bi gauza nabari dira; batetik, Joseba B. Lenoir sartu da taldera, eta bere lekua izugarri nabari da. Ekarpen handia egiten dio taldeari; bestetik, Burke Reidek australiarrak ekoitzi du gure lana. Aurreko diskoan hasi ginen berarekin lanean, eta Euskal Herrira etorrarazi dugu oraingoan. Hilabete bat igaro zuen gurekin, eta uste dut diskoak bere marka egin duela. Zuzeneko indartsuak dira zuenak. Azkoitikoa ere halakoa izango al da? Gogo handia dugu Azkoitian jotzeko. Aspaldian ez gara han izan, eta badakigu zale batzuk baditugula. Bakarlari moduan ere izan naiz han, eta esperientzia onak izan ditut. Plazer handiz joango gara Azkoitira. Gainera, kanpoan ditugun bi kontzertuen artekoa izango da Azkoitikoa; bezperan (gaur) Sonoraman (Burgos, Espainia) izango gara, eta biharamunean, berriz, Galizian (Espainia). Beraz, ordu gutxi igaroko ditugu Azkoitian, baina indar handiko kontzertua izango da. Bakarkako ibilbidea ere heldu diozu. Nondik sortu zen horretarako bidea? Betidanik buruan nuen gauzetako bat zen, eta taldearekin atseden hori hartu genuenean modu inkontziente batean hasi nuen bakarkako bidea. Nekatua nengoen musikarekin, baina, etxean, hasi nintzen gauza zahar batzuk-eta jotzen, eta une batean pentsatu nuen neure burua askatzeko beharra nuela horrekin. Etxean maketatzen hasi nintzen, lagun batzuei eman nien, eta neure burua konbentzitu nuen diskoa ateratzera. Rock nahiko iluna da, asko pentsatu gabe kaleratutakoa. Aurkezpenean eta promozioan, akustikoan egitea pentsatu nuen, eta hortik erabaki nuen kontzertuak ere modu horretara eskaintzea. Ia konturatu gabe hasi naiz proiektu horretan buru-belarri, eta urte eta erdiz kontzertuak ematen aritu naiz. Proiektu horrekin lasaiago jarraitzen dut orain, taldearen ibilbidearekin eta erritmoarekin ezin direlako bi proiektuak denbora osora uztartu. Berriz bakarkako proiektu honekin jarraitzeko asmoa dut, baina une hauetan taldeak du lehentasuna. Orduan, zure barkako bideak taldearen etorkizuna kolokan jartzen al du? Taldearen disko berriarekin, aukera polita sortu zaigu, eta nire helburua da gauzak ongi egitea. Beraz, uste dut gauzak ongi egiteko lehentasunak jarri behar direla, eta horretan nago. Kontua ez da hain sinplea, eta ez dut uste egokia denik norberaren nahiaren aurka egitea. Batzuetan libre nago, eta jarraitzen dut bakarka kontzertu batzuk ematen. Askok galdetzen didate ea kontzertuetan nola aukeratuko ditudan kantuak. Egia esan, ez dakit oraindik, baina gauzak naturalki egin ahal dira. Bakarkakoa oso pertsonala eta bakarrik defendatu beharrekoa da, eta iruditzen bazait abesti horrek irabaziko duela taldekideen ekarpenarekin, haiei proposatuko diet.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide