Jenny Calero: "Aurtengo dantza emanaldirako ikuskizun txiki bat ere prestatu dugu"

Nerea Uranga 2017ko uztailaren 28a

Azkoitiko Born to dance areto dantza eskolak ikasturte bukaerako emanaldia eskainiko du bihar, zapatua, 19:30ean, Azkoitiko Gurean

Azkoitiko Born to dance areto dantza eskolak ikasturte bukaerako emanaldia eskainiko du bihar, zapatua, 19:30ean, Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Jenny Calerok (Azkoitia, 1989) gidatzen du dantza eskola hori. Calero orain dela hamar urte hasi zen aretoko dantzak ikasten, eta bederatzi urtetan ari da dantza irakasle. Nolatan hasi zinen aretoko dantzak ikasten? Gauetan Euskal Telebistan Dantzagune izeneko saio bat ematen zuten, eta bertan areto dantzatako lehiaketak azaltzen ziren. Orduan, saio horiek ikusten nituen, eta soineko bat ikusi eta gustatu egin zitzaidan, eta areto dantzak ikasteko izena eman nuen, ea egunen batean soineko hura janzteko aukera izango nuen pentsatuz. Kuriosoa da, baina hala izan zen. Dantza ikasten hasi eta urtebetera irakasle hasi zinen. Bai, aurrena kanpoan erakusten nituen dantzak, Azkoitian orain dela bost urte hasi nintzen dantza irakasle. Zer dantza dira erakusten dituzunak? Denetik pixka bat, samba, bachata, runba, pasodoblea, merengea... Gaur egun zenbat ikasle dituzu Azkoitian? 60-80 ikasle inguru. Haurrak, gazteak eta helduak, denetik dauzkat ikasleen artean. Areto dantzak ikasteko moda dago egun, ezta? Bai, gero eta jende gehiago animatzen da areto dantzak ikastera. Lehen ez zen horrenbeste jende ibiltzen, baina egun jende gehiago etortzen da dantza hauek ikastera. Zuri zer ematen dizu dantzak? Bizia. Pare bat urtean areto dantzako lehiaketetan parte hartu gabe egon nintzen eta oso gaizki pasatu nuen, ezingo nuke bizi dantzarik egin gabe. Eta jendeari dantzak zer ematen diola uste duzu? Dantza ikasten hasten den jende asko inoiz dantza egin gabekoa izaten da askotan, eta ikasiko ote duten beldurtuta etortzen dira. Azkenean, ordea, eguneroko horretatik deskonektatzeko modu bat da, eta kuadrillak ere sortzen dira dantza eskoletan. Beraz, nik uste dut dantza egiteak jendeari ere bizia ematen diola. Biharko ikuskizuna nolakoa izango da? Urtean zehar ikasitakoa erakutsiko dugu emanaldian. Aurten, gainera, ikuskizun txiki bat ere sartu dugu tartean, berezi bezala. Hori urtean zehar ez dugu landu, baina azken hilabeetan denok ilusioa jarri eta aurrera atera dugu. Gustura aritu gara, eta berria izango da hori emanaldian. Ikuskizunean 45 lagunek parte hartuko dute, haur, gazte eta heldu. Denetik egingo dugu: tangoa, salsa, bachata... Zuk zein dantza duzu gustukoena? Zaila da bat esatea, dantza bat kontrolatuta daukazunean hori duzu gustuko, baina hurrengo batean igoal beste bat. Koreografiak aldatzen joaten gara, eta momentuaren arabera bat edo beste bat izaten dut gogokoagoa, baina orokorrean denak gustatzen zaizkit.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide