Ikuskizun publikoak arautzen dituen ordenantza onartu du Azkoitiko Udalak

Ane Olaizola 2017ko uztailaren 28a

EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu dute ordenantza. (Ane Olaizola) Azkoitiko Udalbatzak ikuskizun publikoak arautzen dituen behin betiko ordenantza onartu zuen asteazkenean, "aisia eta atsedena orekatzeko" eta "adin txikikoak babesteko" helburuarekin. EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin onartu dute neurria. EH Bildu koalizioak aurka bozkatu zuen. Udal Gobernuaren arabera, hiru giltzarri ditu araudiak: "Bizikidetza, segurtasuna eta osasuna". Espazio publikoetan zein pribatuetan antolatzen diren ikuskizunei eta jarduerei eragiten die ordenantzak, eta saio horietan "segurtasuna" bermatu eta espazio publikoaren erabilera pribatua arautu nahi dute. Era berean, alkoholaren, tabakoaren eta drogen inguruko legedia betearazi nahi dute. Azkenik, Alde Zaharreko ostalaritza establezimenduek lizentzia irizpideen arabera egokitu beharko dute beren jarduera. "Azkenaldian kontzertuak debekatzeagatik eta oztopoak jartzeagatik kritika egin zaio udalari. Baina egin den gauza bakarra izan da eskaera prozedura bat martxan jartzea, kontzertuak segurtasun berme guztiekin egin ahal izateko", esan du Udal Gobernuak. Hori hala, aurrerantzean, ekitaldi bat antolatzerako orduan, gutxienez, bi hilabete lehenago eskaera egin beharko dute haren sustatzaileek udalean, eta hainbat dokumentu aurkeztu beharko dute: fidantza bat ordaindu, eta, besteak beste, jardueraren deskribapen txostena egin beharko dute. Ekitaldiaren arabera, udalak eskakizun gehiago egiteko ahalmena izango du. Dokumentuak aztertu eta instalazioen ikuskaritza egin ondoren, jarduera baimendu edo ukatu egingo du udalak, hogeita hamar laneguneko epean. Izan ere, ordenantzan jasotzen denez, alkatetzari dagokio espazio irekietan egiten diren jarduerak zehaztea, "unean uneko interes publikoarentzat lehentasuna dutenak lehenetsiz". Ikuskizun publikoak egiterako orduan, berriz, hainbat baldintza bete beharko dute antolatzaileek. Besteak beste, pertsonak kontatzeko sistema bat eduki beharko dute, eta hainbat kasutan, sarbidea kontrolatzeko langileak eduki beharko dituzte. Horrez gain, zarata eta higiene mailak ere zaindu beharko dituzte. Kontsumoa, araututa Ordenantzaren bidez, gainera, hainbat neurri hartu dute droga-menpekotasunari lotutako legedia betetzeko eta espazio publikoetan alkohola eta bestelako drogen kontsumoa zaintzeko. Araudian zehaztu dute 16 urtetik beherakoek ezingo dutela tabernetara sartu. Horrez gain, bide publikoan ezin izango da tabernetako edari alkoholdunik kontsumitu, "herriko jaietan eta antzeko egunetan" izan ezik. Eremu publikoan gerta daitezkeen kalteen erantzuleak, berriz, ekitaldiaren antolatzaileak izango direla zehaztu dute ordenantzan, beti ere, kalteok ikuskizunaren "ondorio zuzenak" badira edo "kausalitate erlazioa" baldin badute. Kasu horietan, antolatzaileek eta sustatzaileek ordaindu beharko dituzte kalteen gastuak. Ordenantza bete ahal izateko, Udaltzaingoak "dagozkion kontrolak" egingo ditu. Bestalde, ostalaritza guneek ordenantzaren helburuak betetzeko obrak egiten badituzte, %95eko hobaria jaso ahal izango dute. Ordenantzan hori guztia jaso badute ere, Udal Gobernua jakitun da araudiak "modu partzialean" konpon dezakeela arazoa, "udal eskumenetik haratago ezin dutelako joan".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide