42 eta 52 zenbakien artean hartu du sua argi kableatuak. (Ihintza Elustondo)
Goizeko 09:00etatik 42. eta 52. zenbakien arteko bederatzi bebarru hustuta egon dira Azkoitiko Kale Nagusian, lur azpiko argi kableatuak su hartu ondoren. Iberdrolako langileek aztertu dute dagoeneko sutearen jatorria, eta jakinarazi dute Jausoron dagoen transformadoreak zirkuitulaburra izan duela. Su hartu dutenak lur azpiko kableak izanik, kea estoldetatik atera da. Suhiltzaileek ere dagoeneko egiaztatu dute Kale Nagusiko etxebizitzetan ez dagoela karbono monoxidoaren arriskurik. Beraz, 11:00ak aldera, berriro etxebizitzetara itzultzen hasi dira hango bizilagunak, suhiltzaileen laguntzarekin. 20 lagun aterarazi dituzte beren etxebizitzetatik, eta Jubilatuen Tabernan egon dira arazoa konpondu bitartean.
Azkoitiko Udalaren arabera, Iberdrolari 08:50ean eman diote gertaeraren berri, eta hango teknikoak 10:15ean iritsi dira Kale Nagusira. "Arazorik handiena izan da Iberdrolakoek denbora asko behar izan dutela hona iristen", kexatu da Javier Zubizarreta alkatea.
08:30ean izan da gertaera. Kale Nagusiko etxebizitza bateko tximiniatik eta estoldetatik kea irteten hasi da, eta suhiltzaileak 09:00etan bertaratu dira. Prebentzio gisa, 42. eta 52. zenbakien arteko etxebizitzak husteko erabakia hartu dute.
Bien bitartean, Kale Nagusiko zati handi bat itxi egin dute oinezkoentzat eta ibilgailuentzat; hain zuzen, ezin izan da igaro Kultur Etxeko eraikin paretik Ñam-Ñam gozoki denda aurreraino, baina 11:00ak aldera berriz zabaldu dute zati hori.
Hona hemen gertaeraren uneko argazki batzuk: