Azkoitiko zaindari den Urrategiko Ama Birjinaren jaiak ospatu dituzte asteburuan, giro ederrean. Ostiralean, mus txapelketa azkarra izan zuten, eta gaur, berriz, ekitaldi ugari izan dituzte egunean zehar. Goizean, besteak beste, meza nagusiaren aurretik, Urrategiko Amaren 400. urteurrenaren harira, Juan Bautista Mendizabal historiagileak hitzaldia eskaini du, eta auzoko festa batzordeko kideen esanetan, "bertaratu den jendeari asko gustatu zaio". Ondoren, Anjel Larrañaga eta Juan Jose Eizmendi Loidisaletxe bertsolariek saioa eskaini dute. Eguerdi partean herri kirolak ere izan dira ikusgai, eta, arratsaldean, umeen gozagarri, Gorriti eta bere abereak, ume jolasak, puzgarriak eta tailerrak izan dira. Arratsaldean, berriz, Irizar Etxetxoko Yerman astoa eta Mendaroko Tope natxiok giza proba taldearen arteko dema saioa izan da. Astoak 76 plaza, bi zinta eta bi metro egin ditu, eta gizaprobakoek 77 plaza eginez ondu dute astoa. Festei bukaera emateko, Zabale eta Larrañagarekin erromeria izan da, 21:00ak aldera arte.
Urrategiko jaietan zozketatu duten saskiaren zenbaki sariduna 4395 da; hilaren 20a bitartean sariduna azaltzen ez bada, ordezkoari (5756) emango zaio.
Mus txapelketa
Ostiralean mus txapelketa jokatu zuten auzoan. 29 bikotek parte hartu zuten txapelketan, eta honako hauek izan ziren lehen lau sailkatuak:
1. sailkatuak eta txapeldunak: Pello Gurritxaga eta Patxi Arruti
2. sailkatuak: Alberto “Elgeta” eta “Korta”
3. sailkatuak: Felix “Burruntzi” eta Antonio “Garixe”
4. sailkatuak: Diego eta “Altzibertxo”
Hona hemen Urrategiko jaietan ateratako argazkiekin osatutako bilduma:
(Argazkiak: Ibon Errazu eta Joxe Luix Garate)
[flickr_set id="72157686069770345"]
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide