Udal Gobenuak sinatutako dekretuaren dokumentua. (Hitza)
Joan den astean zeresana eman zuen Aizpurutxo auzoan Urola Erdiko Mankomunitatearen kamioi bat gaikako edukiontzi desberdinetako hondakinak ibilgailura husten ageri den bideoak. Irudiok zabaldu eta gutxira iritsi ziren erreakzioak, eta asteburuko etenaren ostean, iritzi desberdinak kaleratu dituzte Azkoitiko EAJk eta EH Bilduk.
Joan den astean Udal Gobernuak eta Urola Erdiko Mankomunitateak elkarri leporatu zioten gertatutakoaren ardura. Eta oposizioko alderdiek ere eman zuten beren iritzia. Hain zuzen ere, Azkoitiko EH Bilduk joan den ostiralean eman zuen prentsaurrekoa, eta koalizioak Udal Gobernuari leporatu zion hondakinen kudeaketaren erantzukizuna: "Zaborraren arduragabekeria larri honen arduradunak Javier Zubizarreta eta bere gobernua dira". Horrez gain, EH Bilduk nabarmendu zuen udala herritarrei "gezurretan" ibili dela, eta jakinarazi zuen "inprobisazioaren eta kudeaketa txarraren ondorio" dela pasatu dena. "Baliabideetan murrizketak egitearen beste ondorio bat da".
EH Bilduren arabera, Udal Gobernuak 2016ko ekaineko udalbatzarrean bere gain hartu zuen hondakin bilketaren jarraipenaren ardura. Horri lotuta, koalizioak atzo ohar bidez jakinarazi zuenez, Azkoitiko Udal Gobernuak dekretu bat onartu zuen joan den ostiralean. "Presaka, hanka sartzea zuzentzeko asmotan-edo, sinatu zuen Javier Zubizarretak dekretua, eta, bertan, Urola Erdiko Mankomunitateari eskatzen dio berriz ere hondakinen bilketa eta garraio ikuskatzea bere gain har ditzala".
EH Bilduren ustez, «bi helburu» ditu dekretuak. "Batetik, teknikoki bizkarrak zaintzeko intentzio garbia, eta, bestetik, ekaineko udalbatzarrean egindako txapuza politikoa konpontzea". Koalizioak dio udalak bere gain hartu zituen eskumenak ezin zituela hartu onartzen duela: "Mankomunitateari gogorarazten dio bere lana dela hori egitea, eta, horrekin batera, lan horiek egiteko finantzazioa udalak jarri behar duela onartzen du". Koalizioak azaldu duenez, udalak dirua jarri beharko du mankomunitatearen aurtengo aurrekontuetan ez daudelako Azkoitiko lan horiek aurreikusita. EH Bilduren esanetan, mankomunitateak Azkoitiko udalbatzarrean erabakitakoa bere gain hartu zuen, lan horiek aurrekontuetan ez sartuta. "Egoerari konponbidea emateko ez dakigu zein neurri eta bitarteko jarriko dituen martxan Udal Gobenuak, ez baitakigu hondakinak nahastuta jasotzen jarraitzen duten, eta hori da gehien kezkatzen gaituena".
Azkoitiko EAJk ere oharra kaleratu zuen atzo. Jeltzaleek gogorarazi zuten 2014an, EAJ oposizioan zegoenean, gaikako bilketaren oinarriak adostu zituztela EH Bilduren Udal Gobernuarekin. "Pleno hartan gehiengo oso-oso zabal batek onartutako helburuetara iristen ari gara; izan ere, azkoitiarrok %62ko gaikako bilketa tasa dugu". Horri lotuta, EAJk dio "denen helburua" %70eko tasara iristea bada, gaiak ez duela izan behar "egiatik urrun dagoen ika-mikarako argudio eta aurkari politikoa edozein preziotan kritikatzeko arrazoi". Jeltzaleek uste dute ez daudela "elkarri mokoka jarduteko karrera" batean, zabor gutxiago sortzeko, gaika hobeto jasotzeko eta gehiago birziklatzeko "saiakera kolektibo" batean baizik.
Aizpurutxon gertatutakoa herritar batzuek zaborrak gaizki botatzen dituztelako eta herri osoko gaikako bilketa ez kutsatzeko hartutako "neurri puntual" bat izan dela esan du EAJk, eta uste du udalari dagokiola erantzukizunak eskatzea eta neurriak hartzea. Halere, EAJk dio azkoitiarrak, oro har, "oso ondo" ari direla hondakinak gaika bereizten, eta %62ko birziklatze tasari balioa eman dio alderdiak, herritarrak zorionduz eta ingurumenaren aldeko konpromisoari "tinko eusteko" eskatuz.
Udaleko PSE-EEren taldeak ere eman du gaiaz iritzia, eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariari hondakinen bilketa horrela zergatik egin den argitzeko ikerketa abiatzea eskatu dio. Ianire Igoa zinegotziak esan du PSE-EEk "konpromiso irmoa" duela birziklapenarekin, eta gaikako bilketaren garrantzia azpimarratu du. Gainera, bilketaz arduratzen denak ez badu kudeaketa eraginkorra egiten, herritarrek egindako esfortzua "zaborretara botatzen" dela esan du.
Azkoitia Baik dio ez dela sartuko eztabaidan, baina gertatutakoaren ardura dutenak komunikabideetan ikusi dituztenak direla esan du. "Horrela ari dira hauteskundeak irabazten, besteen okerrak salatuz eta herritarrak elkarren aurka jarriz". Azkoitia Baiko kideen arabera, %80-85eko birziklatze tasara iristea da garrantzitsua, eta indarrak horretan gastatu behar dira.