Azkoitiko Udal Gobernuak dio mankomunitatearena dela hondakinen bilketaren erantzukizun guztia

Urola Kostako Hitza 2017ko ekainaren 22a

Ana Azkoitia zinegotziak azaldu duenez, Azkoitiko zabor bilketa Serbitzu enpresak egiten badu ere, Urola Erdiko Mankomunitatearena da bilketaren ardura osoa. Udal Gobernuak azaldu du hondakinen bilketarekin zer gertatu den argitzeko ikerketa abiatuko duela. Javier Zubizarreta alkateak kontu honen azpian "joko zikina" dagoela salatu du.

Ana Azkoitia, Javier Zubizarreta eta Jabier Bastida Azkoitiko Udal Gobernuko kideak gaurko agerraldian. (Ihintza Elustondo) Hautsak harrotu ditu Aizpurutxo auzoan Urola Erdiko Mankomunitatearen kamioi bat gaikako edukiontzi desberdinetako hondakinak ibilgailura husten ikus daitekeen bideoak. Atzo zabaldu zen bideoa sare sozialen bidez, eta erreakzio soka luzea ekarri ostean, gaur eguerdian egin dituzte adierazpenak Azkoitiko Udaleko EAJren Udal Gobernuko ordezkariek. Hain zuzen ere, udal aretoan, kazetari ugariren aurrean, eman dituzte azalpenak Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia eta Miguel Angel Bastida zinegotziek. Azkoitiak azaldu duenez, Azkoitiko zabor bilketa Serbitzu enpresak egiten badu ere, Urola Erdiko Mankomunitatearena da bilketaren ardura osoa. Izan ere, zinegotziaren eta mankomunitate horretako lehendariordearen arabera, mankomunitateak hartu zuen Serbitzu kontratatzeko erabakia. Javier Zubizarreta alkateak azaldu duenez, joan den astean ikusi zuten beraiek bideoa, eta ordura arte ez zekiten bilketa horrela egiten zenik. "Bilketa sistema sustatzen jarraituko dugu, baina ez inposizioz", esan du. Halaber, gogorarazi du Azkoitiko 7-8-10 gunetan daudela zaborrarekin arazoak. Zer gertatu den argitzeko ikerketa abiatuko du Azkoitiko Udalak, eta Zubizarretak salatu du "kontu honen azpian joko zikina" dagoela. Elkarri ardura leporatzen Elkarri mokoka, ardurak leporatzen, ari dira mankomunitatea eta Azkoitiko Udala. Izan ere, atzo bi ohar kaleratu zituen Urola Erdiko Mankomunitateak, eta haietan irakur zitekeenez, udalak erabaki zuen Azkoitiko hondakinen bilketa egiteko Serbitzu enpresa azpikontratatzea. Mankomunitateak dio "hasieratik" errespetatu duela udalaren erabakia, eta "behar izan dituen zerbitzuak emateko prest" izan dela. Gainera, azaldu zuen, "arazoari irtenbidea emateko" gaikako bilketa egiten duen Serbitzu enpresarekin adostuta, "hainbat neurri" hartu dutela. EAJk 2015eko maiatzean udal hauteskundeak irabazi eta gero, sistema mistoa kentzea erabaki zuen Udal Gobernuak uztailean. Mankomunitatearen arabera, 2015eko uztailetik hona "arazo handiak" izan dira Azkoitian, ontzi arinen eta organikoaren edukiontzietan behar ez den hondakin kopuru handia biltzen zelako. Arazoa konpontzeko hartutako neurrien artean, landa eremuan –Aizpurutxon, kasu– hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea erabaki zutela adierazi dute: "Hainbat azterketa egin ostean, badakigu material desegoki gehiago egon ohi dela puntu horietan". Era berean, mankomunitateak adierazi du landa eremuko puntu horietako hondakinen kalitatea hobetzeko "lanean" ari direla, eta hemendik gutxira hondakinak berriz bereizita biltzea lortuko dutela. Ontzi arinekin eta organikoarekin zuten arazoarekin jakitun ziren bai udala eta bai mankomunitatea; izan ere, udalak joan den otsailean jakinarazi zuen ontzi arinekin izan zuten arazoa "konpondu" zutela. 2015eko urritik 2017ko otsailera arte, Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan bildutako hondakinak zabortegira eramaten zituzten errefusarekin batera, ondo bereizita ez zeudenez, ez zituztelako birziklatze plantan onartzen. Udalak joan den astean azaldu zuenez, aurtengo otsailean hasi ziren berriro ontzi arinak birziklatze plantan onartzen, eta hondakin desegokien tasa "onargarria" dute orain herrian. Erreakzio ugari Atzo Azkoitiko Udalako EH Bilduren bozeramaile Iraitz Otañok esan zuen "argi gelditu" dela udala "gezurretan" ari dela. "Herriko 7-8 puntutan hondakinak bideoan ikusten den bezala jasotzen dituzte; dena errefusa bezala. Hori erabaki teknikoa baino politikoa da, beraiek erabaki dute ez jartzea erremediorik egoerari eta horregatik dago arazo hori". Otañoren arabera, "arduragabe" jokatzen ari da udala. "Ez dute neurri gogorrik hartu hondakinen inguruan, eta horren emaitza da bi urte eta gero, oraindik, horrela ibiltzea; tristea da". PSE-EEren Azkoitiko udal taldeak oharra kaleratu du gaur arratsaldean, eta Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariari hondakinen bilketa horrela zergatik egin den argitzeko ikerketa abiatzea eskatu dio. Ianire Igoa zinegotziak PSE-EEk "konpromiso irmoa" duela birziklapenarekin eta gaikako bilketaren garrantzia azpimarratu du. "Hondakinak gaika biltzea beharrezkoa da zaborraren tratamentua hobetzeko eta birziklapen tasak handitzeko". Horri lotuta esan du herritarrek egindako esfortzua "zaborretara botatzen" dela, bilketaz arduratzen denak ez badu horien kudeaketa eraginkorra egiten. Igoak geratatutakoaren aurrean "kezka" agertu du, eta mankomunitateko lehendakariari gertatutakoa ikertzea eta Azkoitiko gainerako tokietan bilketa behar bezala egiten dela frogatzea galdegin dio. "Behar diren neurriak har ditzan eskatzen diogu, halakorik berriz gerta ez dadin". Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jakinarazi duenez, herrietako hondakinen bilketaren eta horien tratamenduaren erantzukizuna mankomunitateena da; kasu honetan, Urola Erdikoarena. GHK-k esan duenez, ikerketa abiatuko du "mankomunitatearen datu guztiak jaso eta gertakaria argitzeko". Gainera, esan du erantzukizunak zehaztuko dituztela, baldin eta ikerketak hala eskatzen badu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide