Aldundiko, Landaola federazioko zein udaletako ordezkariak hitzarmena sinatu duten unean. (Ihintza Elustondo)
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Landaola federazioak hitzarmena sinatu dute 2017-2018 urteetan eskualdeetako landa garapen programak gauzatzeko. Azkoitiko Abaraxka aterpetxean sinatu dute hitzarmena, eta horren bidez, aldundiak milioi bat euroko diru laguntza emango dio federazioari. Landa eremuek garapen osoa izateko helburuarekin, federazioak jarduerak bultza ditzan eman dio laguntza aldundiak. Bertan izan dira aldundiko, Landaola federazioko zein udaletako ordezkariak.
Landaola federazioa Gipuzkoako sei Landa Garapen elkartek osatzen dute: Behemendik, Deba Garaiak, Debemenek, Goimenek, Tolomendik eta Urkomek
. Gaur sinatutako hitzarmenak hainbat helburu ditu: azpiegiturak, hornidurak eta oinarrizko zerbitzuak sortzea eta hobetzea –telekomunikazioak, makinaria zerbitzuak...–; bertako kalitatezko produktuak merkaturatzea; landa jarduera motak ugaritzeko enplegua eta diru sarrerak gehitzea; balio historikoa, artistikoa, etnografikoa edo kulturala duen landa aldeko ondarea babestea eta baserri giroko turismoa zein eskulangintza bultzatzea.
Aldunditik jasotako diru laguntza lau arlotan banatuko dute: %41 nekazaritza garapen arlora bideratuko dute, %24 bizi kalitate arlora, beste %24 jarduera ekonomikora eta %11 sentsibilizaziora.
Hitzarmena sinatu ostean, Abaraxka aterpetxean Landaola osatzen duten sei Landa Garapen elkarteetako zuzendaritza batzordeko kideak elkartu dira onartu berri dituzten proiektuez hitz egiteko eta etorkizunera begira bultzatu beharko diren proiektuak adosteko.