Igor Quindos: "Anaitasunaren filosofia da igoera lortu duen taldeari eustea"

Ainitze Agirrezabala 2017ko ekainaren 13a

Anaitasuna taldea entrenatu du bi denboralditan, eta Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu dute. Batetik bestera "salto handia" egon arren, "mailari eustea" du helburu talde gorriak.

Igor Quindos Anaitasunako entrenatzailea. (Ainitze Agirrezabala) Dozena erdi futbol talde baino gehiago entrenatu ditu Igor Quindosek (Azkoitia, 1978). Entrenatzaile lanetan "une gozo asko" bizi izan dituela adierazi du, baina guztietan "hunkigarriena" azken garaipena izan dela dio: "Herriko taldearekin Espainiako Hirugarren Mailara igotzea". Kontratua berritu duzu Anaitasunarekin. Gustura al zaude? Kate bat da, azkenean. Duela bi denboraldi hartu nuen kargua, eta Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu dugu. Zentzu horretan, normalena da talde teknikoari kontratua berritzea. Futbolari lotuta egon zara betidanik, ezta? Bai, urte askoan jokatu dut futbolean, erdilari. Sei urte egin nituen Anaitasunan eta bederatzi Zestoan. 28 urterekin futbola utzi nuen, eta, geroztik, hainbat talde entrenatu dut: Zestoa, Lagun Onak, Idiazabal, Urola, Eibar eta Pasaia. Eta 2015-2016 denboraldian Anaitasunara etorri nintzen. Herriko taldea entrenatzeko eskaintza nola jaso zenuen? Pasaia utzi nuenean, ez nuen entrenatzaile lanetan jarraitzeko asmorik. Hamar urtez, buelta asko eman nituen hara eta hona, eta atseden hartu nahi nuen. Uztailean, ordea, Anaitasunaren deia jaso nuen. Eta, noski, herriko taldea entrenatzeko proposamenari ezin nion ezezkoa eman. Bi denboraldi egin dituzu. Zer balorazio egiten duzu? Iaz, azken partidara arte egin genuen borroka Hirugarren Mailara igotzeko, baina ez genuen lortu. Azpitxapeldun izan ginen, eta arantza hori geratu zitzaigun. Aurten, txapeldunak izan gara, eta gustura gaude. Bi denboraldi onak egin ditugu. Herrian jaso duzuen berotasuna ere izugarria izan da, ezta? Bai, herrian Anaitasunarekiko ilusioa piztu egin zen iaz. Joan zen urtean, gainera, jokalari guztiak [23] etxekoak ziren; aurten, 23 jokalarietatik 21 ziren azkoitiarrak, eta, zentzu horretan, herriak izugarrizko babesa erakutsi digu. Elgoibarren jokatu genuen azken partida, berriz, izugarria izan zen. 900 lagun inguru izan ziren han, eta, ondoren, Azkoitian egin ziguten harrera oso polita izan zen. Ez dut uste esajeratzea denik, eta esango nuke Anaitasunak dituela Gipuzkoako zale onenak. Hooligans Anai peña eta dena dago herriko gazteek osatuta. Bestalde, sare sozialetan Anaitasunaren berri emanez, lan garrantzitsua ari da egiten Andoni Elduaien. Denboraldi polita dugu aurretik, eta guztiok saiatu behar dugu gozatzen, nahiz eta jakin aurten adina partida ez ditugula irabaziko. Anaitasunako zaleei esan nahi diet datorren denboraldian beren animoak beharko ditugula taldea aurrera ateratzeko eta herriari poza ematen jarraitzeko. Denboraldi berrira begira, taldean zer aldaketa izango dira? Anaitasunaren filosofia da igoera eman digun taldeari eustea. Izan ere, egunen batean mailaz jaitsiz gero, kanpoko jendeak beti ihes egiten du, eta zentzu horretan, etxeko jokalariak zaintzea garrantzitsua da. Bestalde, kanpotik ere etorriko da zerbait; Pasaian jokatzen aritu den Mikel Arruti atezaina, kasu. Diruz nola dago Anaitasuna? Maila honetan dirua Bizkaiko taldeetan dago: Portugaleten, Balmasedan, Zamudion, Durangon, Sestaon... Anaitasunak ezin du lehiatu ekonomikoki horiekin, baina taldeak duen oinarriarekin eta ditugun ilusioarekin eta gogoarekin talde horiei kontra egin behar diegu, beste urte batez mailari eusteko. Anaitasunaren erronka nagusia, beraz, mailari eustea da? Azken 17 urteetan, hiru aldiz lortu du igotzea Anaitasunak, baina, gero, ez du lortu mailari eustea. Badakigu lana egin beharko dugula, ez digula inork ezer oparituko. Anaitasunako zure aurreko entrenatzailea Aitor Iturbe zen. Hark egindakoarekin alderatuz, zer aldaketa eman zenituen? Aitor Iturberen denboraldian lau-bost jokalari etxetik kanpokoak ziren, eta guk herrikoen aldeko apustua egin dugu. Uste dut aldagela aldetik ere indartu egin garela. Jokalariek elkarrekin harreman eta giro oso onak dituzte, eta gauzak gaizki egindakoan ere, elkar animatzen eta aurrera begiratzen jakin dute, elkarri gauzak aurpegiratzen jardun beharrean. Zelaitik kanpo, kalean ere, lagunak dira, eta horrek indarra ematen dio taldeari. Aurredenboraldia nolakoa izatea aurreikusten duzue? Uztailaren 20an hasiko gara, ligari abuztu bukaeran ekiteko. Aurredenboraldiak gogor samarrak izan ohi dira beti, baina garrantzitsua da, oinarri bat ematen dizulako jokalarien fisikoari dagokionez. Eta kanpotik etor daitezkeen jokalariak taldera egokitzeko ere abagune ona da. Gustatuko al litzaizuke liga hasterako Lagun Onakekin lagunarteko partida jokatzea? Bai, bai. Garai batean, Lagun Onak beti etortzen zen andramarietako txapelketara, baina bi kluben artean liskarrak izan ziren eta... Entrenatzailea naizen aldetik ez da nik hartu beharreko erabakia, baina gustatuko litzaidake aurredenboraldian-edo Lagun Onaken kontra jokatzea. Aurten, pilotan eta futbolean dira derbiak... Bai. Pilotan galtzea tokatu zaigu, baina ea futbolean errebantxa irabazten dugun. Bigarren etxea duzu Txerloia? Azkenean, badakigu futbolari ordu asko eskaini behar dizkiogula. Asteburuetan, geure partidez gain, arerioenak ikustera joaten gara, datozen norgehiagokak prestatzeko beste taldeak ezagutzeak garrantzia du eta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide