Iazko Pelotai Euneko irabazleak eta txapeldunordeak (Argazkia: Txulue)
Azkoitia pilotarien sehaska dela esaera zaharra da. Pilota jokoa Azkoitiko ikur izan da betidanik, eta Kontzejupeak historian zehar pilotari harrobi handia ezagutu du bere hormen artean lehian. Alabaina, Azkoitiko Txulue pilota elkarteko kide Josu Godoyk adierazi duenez, azken urteotan, umeen eta gazteen artean "pilotazaletasuna gainbeheran" joan da. Pilotak garai batean herrian izan zuen "indarra" kontuan hartuta, afizio horri "bultzada bat emateko" asmoz, hirugarren urtez egingo da bihar Pelotai Eune Azkoitian.
Pilotaren aitzakian egun osoko egitarau zabala antolatu dute biharko, eta herria jai giroan sartzeko, praka zuriak eta kamiseta gorria nahiz urdina jantzita ateratzeko dei egin diete herritarrei antolatzaileek. Hartarako, Kontzejupean salgai jarriko dituzte prakak hamar eurotan eta elastikoak bost eurotan.
Bi berrikuntza, aurtengoan
Pilota eta Kontzejupea izango dira nagusi bihar Azkoitian, eta goi mailako pilotarien partidez gain, herriko pilotazaleek parte hartu duten III. Pelotai Euneko txapelketako azken partidak jokatuko dira. Txapelketa maiatzaren 11n hasi zuten, eta 16 eta 40 urte artean dituzten 40 bikotek parte hartu dute.
Aurtengoan, gainera, hainbat berrikuntzekin dator pilotaren bueltan antolatu duten festa eguna. Godoyren esanetan, "herriko txikienei pilotarako zaletasuna kutsatzeko", pilotarekin lotutako jolasak izango dira Goiko Losan, 11:00etatik 14:00etara.
Horrez gain, antolatzaileak gaineratu du Azkoitiko pilotaren historia, sorrera eta pilotarien informazioa eta haien adierazpenak biltzen dituen dokumentala aurkeztuko dutela Torre Zurin, 14:00etan. "Juan Bautista [Mendizabal] historialariak hitzaldia eskainiko du, eta garai bateko pilotarien argazkiekin eta herriko frontoien planoekin osatutako erakusketa ere izango da egun osoan, han bertan". Bestalde, aurreko edizioetan goizaldean eginduten kaleazka herrikoirik ez da izango, "festa egunez soilik egin nahi" dutelako.
Emakume pilotaririk ez
Txulue elkartearen erronketako bat da emakumeek ere parte hartzea Pelotai Eunean, baina hori lortzea "ez da erraza" Godoyk dioenez: "Ahalegindu gara, eta palan bai, batzuk aritzen dira, baina eskuz ia inork ez du jokatzen". Bazkaritarako txartelak eta Pelotai Euneko elastikoak, ordea, emakume dezentek erosi dituzte, eta hori "urrats ona" dela adierazi du.
Dagoeneko 180 lagunek eman dute izena bazkaritarako, eta, beraz, festa giroa bermatuta dago.
Hona hemen biharko Pelotai Euneko egitaraua:
11:00. Pilotariak bilduko dira Balda plazan, eta kalejira egingo dute Kontzejuperaino, txistulariek lagunduta. Han Azkoitiko pilotari ohiei omenaldia egingo diete bertsoak kantatuta eta aurreskua eginda.
12:00. Jokin Errastik pilotakada botako du, III. Pelotai Eune abiatzeko. Maiatzean hasitako txapelketa jarraituko dute, eta final laurdenetako lehen partida jokatuko dute Zabalek eta Agirre I.ak Egurrolaren eta Zapirainen kontra.
12:30. Goi mailako partida: Juaristi eta Errasti bikotea Apezetxearen eta Saralegiren kontra.
13:30. Pelotai Euneko txapelketaren barruan, final laurdenetako bigarren partida jokatuko dute Pepo eta Txanton bikoteak Jokinen eta Julenen aurka.
14:00. Juan Bautistaren hitzaldia eta Azkoitiko pilotaren historia ardatz duen dokumentalaren aurkezpena, Torre Zurin.
14:30. Bazkaria, Josebanean.
17:00. Txapelketaren jarraipena: final laurdenetako hirugarren (Iriarte eta Cuevas bikotea Ugaitzen eta Torriaren aurka) eta laugarren (Korta II.a eta Andueza Aldalurren eta Ispizuren kontra) partidak jokatuko dira. Final laurdenetako irabazleek final erdiak jokatuko dituzte.
19:00. Goi mailako partida: Peru Labaka eta Eneko Labaka bikotea Andreuren eta Goenagaren kontra.
20:00. Pelotai Euneko finala.
20:30. Sari banaketa.