Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean egingo da 4 eta 14 urte artekoentzako eskola kirol proba, Azkoitian. Bederatzi lasterketa izango dira guztira, 10:30ean hasiko da lehendabizikoa txikienekin eta 11:55ean izango da azkena.
Joan den urteko lasterketetako baten irudia. (Nerea Uranga)
Bailarako eskola kirolaren urteroko hitzordu nagusienetakoa izango da igande honetan Azkoitian: Ikaskirol Krosa. Xabier Munibe Ikastolako Ikaskirol taldeak antolatutako probak XXXV. edizioa beteko du aurten. Zenbaki borobil antzekoa dela-eta ezer berezirik prestatu ez duten arren, kirolaren bueltako festa giroa bermatuta egongo da herrian igande goizean.
Urtero legez, Haur Hezkuntza (HH) 4tik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) 2. maila arteko ikasleak dira Ikaskirol Krosean parte hartuko dutenak; 4 eta 14 urte bitartekoak, alegia. Azkoitiko, Azpeitiko eta Errezilgo ikastetxeetako ikasleak izango dira gehienak. Hala ere, "beti gertatzen da norbaiten lehengusua edo laguna, beste herri batekoa, egun horretan hemen gertatzea, eta ez dago inongo arazorik horiek ere parte hartzeko", azaldu du Sara Ariño Ikaskirol taldeko koordinatzaileak.
Egunean bertan ere izango da izena emateko aukera, baina parte hartzaile gehienak aurrez izena emandakoak izango dira, aipatutako herrietako ikastetxeetara bidalitako izen emate orriak bete dituztenak. Ariñoren esanetan, 900 bat korrikalari espero dituzte aurten ere. "Inguru horretan ibiltzen gara. Eguraldiaren arabera, alda daitezke kopuruak, baina buelta horretan ibiltzen gara. Gainera, azken urteetan zortea izan dugu eguraldiarekin", dio Ariñok.
Bederatzi lasterketa
Guztira, bederatzi lasterketa egingo dituzte igande goizean: HH4koena (10:30ean hasita), HH5ekoena (10:45), LH1ekoena (10:55), LH2koena (11:05), LH3koena (11:15), LH4koena (11:25), LH5ekoena (11:35), LH6koena (11:45), eta DBH1 eta 2koena (11:55).
Haur Hezkuntzako umeen bi lasterketak Beti Poz elkartearen paretik irtengo dira, Ibai-Ondo kaletik parrokia aurrera eta handik Plaza Berriko helmugaraino iristeko. Gainerako guztiak, berriz, parrokia aurretik abiatuko dira. Bi ibilbide ditu Ikaskirol Krosak, laburra eta luzea. Mailaren arabera, laburrari itzuli bat edo bi eman behar dizkiote kirolariek. DBHkoak dira luzea ere egiten duten bakarrak.