Urola Lanbide Eskolako ikasleak eta irakasleak. (Ainitze Agirrezabala)
Ekonomia krisiaren atzamar beltzak gogotik astindu ditu urteotan bazterrak. Arazo korapilotsuak eragin ditu eskualdeko hainbat enpresatan, eta altzarigintza eta altzairugintza sektoreetan, batez ere, lantegi bat baino gehiagok itxi behar izan dituzte ateak. Domino efektuaren gisan, altzarigintzak jasan duen beherakadak zuzenean eragin du lanbide heziketako egurraren zikloan ere. Hala, Azkoitiko Urola Lanbide Eskolan, esaterako, krisia lehertu eta hurrengo sei urteetan, ez dute eskolarik eman alor horretan. Alabaina, askatzen zaila eta bihurria zirudien mataza badirudi pixkanaka ari dela bere onera etortzen, eta horren lekuko da une honetan Urola Lanbide Eskolan eraikitzen ari diren egurrezko etxe iraunkorra.
Ia energia kontsumorik ez duten etxebizitzak dira, eta adituen esanetan, etorkizuneko eraikuntzak izango dira. Haiek esandakoa aintzat hartuta, mota horretako etxebizitzak eraikitzeko profesionalak ari dira trebatzen Azkoitiko eskolan. Bertako irakasle Garikoitz Cuadradoren (Ormaiztegi, 1975) esanetan, ideia duela lau urte sortu zen. "Arotzeria eta altzarigintza zikloa berriz martxan jartzeko xedearekin, DBH4. maila bukatu zuten ikasleen etxeetara deitu zuen, banan-banan, Rafa Beloki lankideak, eta hainbat ikasle matrikulatzea lortu zuen. Europako hainbat herrialdetako joerak aztertu ondoren, jabetu ginen erronka dela eraikuntzara espezializatzea. Eta Euskal Herriko egurraren sektoreko enpresen elkartea den Habic Klusterraren
Design&make proiektuaren barruan, 60 metro koadroko etxe iraunkorra eraikitzen ari gara".
Eraikitzen ari diren etxe iraunkorraren irudi bat. (Urola Lanbide Eskola)
Formakuntza eskolak eta industria "eskua emanda" doazela adierazi du Cuadradok, eta zubi hori indartzea helburu, Diseinatu eta sortu ideia garatu ahal izateko, Donostiako Arkitektura Eskolarekin elkarlana abiatu dute. "Arkitektura Eskolako ikasleek, guztira, hamahiru proiektu aurkeztu zizkiguten. Haietatik lauzpabost oso ondo zeuden, eta egitura, materiala eta estetika kontuan izanda aukeratu dugu orain eraikitzen ari garena".
"Iraunkorra eta merkea"
Energia oso gutxi gastatzen duten bioeraikuntzen ezaugarriei dagokienean, "oso garrantzitsua da material garbia eta haien deribatuak erabiltzea", Cuadradoren esanetan. Azkoitian eraikitzen ari diren etxearen kasuan, Euskal Herriko basoetako egurrarekin ari dira lanean, Radiata pinuarekin, alegia. "Materiala bertakoa denez, eta ez tropikokoa, hemengo klimara eta hezetasunera ondo egokitzen dira etxe horiek". Horrez gain, eraikinak ahalik eta energia gutxiena gasta dezan, "ondo isolatzeak berebiziko garrantzia" duela azaldu du. Hala, etxeari bero eusteko eta barrura ura eta haizea ez filtratzeko, lurrun mintz erregulatzaileekin forratzen dute. "Adimendun oihalak dira; kanpoan hotz dagoenean eta barruan bero, kondentsazioa kanporatzea ahalbidetzen du, beroa galdu gabe". Era berean, hormigoiarekin eta burdinarekin alderatuta, egurrezko eraikinak "iraunkorragoak" dira irakaslearen hitzetan, "askoz ere CO2 gutxiago" isurtzen baitute, eta industrializatu daitekeenez, "merkeagoa" da.
Alemania eta Italia, eredu
Europako hainbat herrialde aitzindariak dira zurezko etxe iraunkorrak egiten, eta haien esperientziak gertutik ezagutzeko asmoz, Azkoitiko Lanbide Eskolako zur eta altzarigintza mintegiko hainbat irakasle Alemanian eta Italian izan dira, egurrezko egiturei eta etxeei buruzko ikastaroak egiten. "Italian, saioetako batean, zurezko, hormigoizko eta burdinezko txabola banari su eman zioten suhiltzaileek, eta su hartzen azkarrena egurrezkoa izan zen, baina uste genuenaren kontra, sua azkarren ere bertan itzali zen, eta suteak kalte material txikienak ere egurrezkoan eragin zituen".
Arotzeriak "etorkizunik ez eta lan munduan irteerarik ez" duela askotan entzun behar izan duten kontua da Cuadradoren esanetan, baina hori ez dela "egia" dio. "Ikasketak eta lana uztartzen aitzindariak gara, eta enpresekin harreman estua dugu".
Adituen aurreikuspenak bete eta etorkizuneko etxeak zurezkoak badira, garai bateko izendapena eta ospea berreskura ditzake Radiata pinuak, eta urre berdea bezala egin ezagun.