Prest dute Martirietako Pentekoste festetarako egitaraua

Urola Kostako Hitza 2017ko maiatzaren 23a

Ekainaren 2tik 4ra bitartean pentekosteak ospatuko dituzte Azkoitiko Martirieta auzoan, eta hango elkarteak prestatu du dagoeneko festetarako egitaraua. Ostiral gauean emango diete hasiera festei, txupinazoarekin, eta ondoren, 22:00etan, Martitte Elkarteko V. Mus Txapelketa jokatuko dute elkartean. Bikote bakoitzak 30 euro ordainduko ditu, eta irabazleek txapelak eta 350 euro irabaziko dituzte; bigarren geratzen direnek, berriz, 150 euro jasoko dituzte, eta laugarren eta bosgarren postuan amaitzen dutenek 80 euro eta bi txanpain botila, hurrenez hurren. Horrez gain, bikote guztien artean afari bat zozkatuko dute. Larunbatean, hilaren 3an, umeentzako jolasak egingo dituzte 17:30ean, eta gero txokolatada izango da. Iluntzean trikipoteoa egingo dute auzoan zehar, eta sabela betetzeko afaria izango da 20:30ean, elkartean, 30 eurotan. Afarira joateko hilaren 28ra bitartean eman behar da izena, 686 99 24 07 telefonora deituta. Gaua amaitzeko erromeria egingo dute Izer eta Alabierrekin. Pentekostetako azken ekitaldiak igandean izango dira. 11:30ean Meza Nagusia egingo dute, eta hura amaitutakoan elkartean egingo duten hamaiketakoarekin agurtuko dituzte festak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide