Mikel Larrañaga: "Gustura nago taldeak egindako lanarekin; edozein talderi aurre egiteko gai gara"

Maxixatzen.eus 2017ko maiatzaren 9a

Mikel Larrañaga Egiguren (1991) errugbi jokalari azkoitiarrak Zarautz Rugby taldean zazpi urte daramatza. Ohorezko Bigarren Mailan jokatzen du talde zarauztarrarekin, eta aurten igoera fasean Alacanteko La Vila taldea izan dute aurkari. Larrañagak aurtengo denboraldiari buruz, eta etorkizunera begira dituen erronken inguruan hitz egin du.

Mikel Larrañaga, partida ondoren. (Argazkia: Vildo Photo) La Vilaren aurka jokatutako final-laurdenetan igoera lortzeko aukerarik gabe gelditu zarete. Nola joan dira partidak? Bagenekien arerio oso gogorra izango genuela Alacanteko taldea eta gure partetik genuen guztia eman behar genuela, kanporaketa geureganatzeko. Bi partidak oso irekiak eta borrokatuak izan dira, erritmo eta exigentzia maila oso altua izan baita, denboraldian izan ditugun beste partidekin alderatuta. Nahiz eta ezin izan dugun aurrera jarraitu, gustura nago taldeak egindako lanarekin; edozein talderi aurre egiteko gai gara. La Vila taldea zoriontzea besterik ez zait gelditzen, eta uste dut Burgos eta euren artean egongo dela igoera. Non aurkitu ditu taldeak liga amaiera honetan zailtasunik handienak? Kontaktu asko eskatzen duen kirola da. Zoritxarrez lesio asko izan ditugu azken boladan, horrek asko eragin du gure aurtengo ibilbidean. Errugbian talde denetan izaten dira lesioak. Fisikoki eta teknikoki ondo prestatua egoteak asko laguntzen du nahiz eta lesioak askotan ezin diren ekidin. Taldeko mutil gazteenek denboraldi guztian zehar erakutsi duten jarrera eta izaera ere txalotzekoak dira. Etorkizunera begira, jokalari oso onak datoz harrobitik. Horien artean aurkitzen da Jon Eceiza azkoitiarra ere. Lehen urtea egin du lehen taldean, eta egia esan, bikain aritu da. Taldea zein egoeratan sentitu da erosoen? Urte asko damatzagu taldeko jokalari gehienok elkarrekin jolasten, eta plazer hori talde gutxik dute gaur egun. Giro ona dugu, eta zelaian nahiz kanpoan elkar ondo ezagutzen gara. Guztiak norabide berdinean lan egiten saiatzen gara, eta bidean izan ditugun oztopoak errazago gainditzea lortu dugu horrela. Erosotasun eta laguntasun horrek hirugarren urtez igoera fasera eraman gaitu. Taldeak duen nortasunarekin eta anaitasunarekin gelditzen naiz. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Maxixatzen.eus atarian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide