Erlo enpresaren atarian elkarretaratzea egin dute langileek eta sindikatuetako kideek. (Mailo Oiarzabal)
Dozenaka lagunek egin dute bat gaur eguerdian Azkoitiko Erlo enpresaren atarian egindako elkarretaratzean. Atzo
62 urteko langile baten heriotza eragin zuen lan istripua salatzeko, ordu erdiko bilkura isila egin dute han, ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE eta HIRU sindikatuek deituta.
Lan istripu gehiagorik ez. Prekarietatea hiltzailea! zioen pankartaren atzean elkartu dira sindikatuetako ordezkariak eta hildako beharginaren lankideak; 24 orduko lanuztea ari dira egiten Erlon. Bukaeran, Andoni Eizmendik (ELA) egin ditu adierazpenak, deitzaile guztien izenean. Azkoitikoa 2017a hasi denetik Hego Euskal Herrian lan istripuz hildako 21. behargina dela gogoratu du, eta "azkena izan dadila" eskatu. Eizmendiren hitzak beheko bideoan entzun daitezke, osorik.
https://youtu.be/bS26kEBvK7Q
Gaitzespenak eta deialdi berria
Elkarretaratzearen aurretik, Erlo enpresan gertatutako lan istripua salatzeko idatzia plazaratu du LAB sindikatuak, eta Azkoitiko PSE-EEk ere gaitzetsi du atzoko heriotza eragin zuen istripua.
Albiste honetan irakur daitezke batzuek eta besteek adierazitakoak.
Bestetik, Azkoitiko EH Bilduk elkarretaratzea deitu du gaur arratsalderako, "sindikatuen atxikimenduarekin". 19:15ean izango da, plazan.