Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azkoitiko Oreka Bioelkarteak hitzaldi eta tailer sorta bat antolatu du datozen asteetarako. Apirilaren 24ean emango diote hasiera, eta udaberrian loreak nola zaindu azalduko dute Kimu Bat enpresarekin batera. Saioa doakoa izango da, eta 18:30ean hasiko da, Elkargunean. Izena emateko aurrez Oreka Bioelkartera deitu behar da; 943-02 62 31 telefonora.
Hilaren 26an, asteazkenean, berriz, Jakoba Rekondok Bizi baratza hitzaldia emango du, eta ondoren zalantzak argitzen arituko da bertaratzen direnen artean. 18:30ean hasiko da hitzaldia, Elkargunean.
Hilaren 28an, berriz, Ricardo Arriola mediku homeopatak eta Silvana Huegun dietista eta nutriozinistak Como cuidarnos en primavera y verano según la medicina tradicional China (Medikuntza txinatarraren arabera, nola zaindu udaberrian eta udan) hitzaldia emango dute, 18:30ean, Elkargunean.
Apirilaren 29tik aurrera ikastaroak izango dira; egun horretan, ogia egiten irakatsiko dute Ezkio-Itsasoko Haristizabal baserrian. Xabi Akizu izango da irakaslea, eta 10:00etatik 17:00etara bitartean iraungo du saioak. Doakoa izango da, baina izena apirilaren 22ra arte eman ahal izango da, Oreka Bioelkartean.
Maiatzaren 2an, 18an eta ekainaren 1ean, berriz, udaberri eta udako sukaldaritza energetikoaren inguruko ikastaroa eskainiko du Silvana Huegunek. 18:00etatik 20:00etara izango dira saioak, Elkarguneko sukaldean. Izena Oreka Bioelkartean eman behar da.
Azkenik, landare sendagarrien inguruko ikastaroa izango da maiatzaren 3an, 17an, 24ean eta 31n. Eva Mena Expositok pomadak, xanpuak eta umeentzako kremak egiten irakatsiko du, 18:30etik 20:30era, kultur etxean. Izena apirilaren 22ra bitartean eman behar da, Oreka Bioelkartean.