Maite Azpiroz: "Korrika ez balitz egingo, agian, AEK-rik ez litzateke izango"

Ane Olaizola 2017ko apirilaren 3a

Maite Azpiroz (Azkoitia, 1979) AEK-ko Urola Erdiko koordinatzaileak Azkoitian ematen ditu eskolak 2007az geroztik. Azken hamarkadan AEK "egonkortu" egin dela adierazi du.

Maite Azpiroz. (Ane Olaizola) Goizaldean igaroko da Korrika eskualdetik. Askok diote Urola Kostako hain eskualde euskalduna izanik zergatik jarri duten ordutegi horretan. Beti dago ordu txarrean igarotzen den edo ibilbide aldrebesa duelaren sentipena. Kontuan izan Euskal Herri osoan prestatu behar dutela ibilbidea, eta hura antolatzerako orduan ezin dugu ezer eskatu. Ibilbide zelebrea jartzen dutenean, batzuetan kexatu izan gara, baina orduarena beste kontu bat da. Guztiok nahi dugu egun eta ordu egoki batean igarotzea. Ordutegiaren inguruan, beste irakurketa bat ere egin daiteke: Urola Kostako euskalduna denez, ziurtatuta dute hemen jendeak erantzungo duela. Beste eremu batzuetan, beharbada, ordu horietan jendeak ez luke ia parte hartuko. Ikasleek nola hartzen dute Korrika? Ederra izaten da ikasle berriei, etorkinei, Korrika zer den azaltzen diozunean jartzen duten arpegia. "Nola ez dela geratzen?", diote. Ez dute ulertzen. Azaltzen diezu nola egiten den, eta harrituta geratzen dira. Jakinekoa da Korrika sostengu ekonomikoa dela AEK-rentzat. Sostengu handia da, zalantzarik gabe. Aspalditik esaten da Korrikarik ez balitz egingo AEK-rik ez litzatekeela izango. Beharbada gehiegizkoa da hori esatea, baina egia da zati handi bat behintzat Korrikarengatik sostengatzen dela. AEK-k Euskal Herri osoan egiten du lan. Arabarako, Gipuzkoarako eta Bizkairako Jaurlaritzak ematen ditu diru laguntzak, baina Nafarroan eta Ipar Euskal Herrian ez dago. Nafarroan diru laguntza pixkat bat gehiago lortu da, baina hala ere, Korrika erabiltzen da, batez ere, hutsune hori betetzeko. Jendeak nola erantzuten du? Korrikan lekukoa eramateko prest dagoen unetik Korrika diruz laguntzeko prest dagoela pentsatzen dut. Badago jendea esaten duena: "Guk lekukoa ez dugu emango, ez gara iristen kopurua ordaintzera, baina non egin daiteke sarrera?". Edo, urtero kamisetak erosten dituen jendea dago, diruz laguntzeko modu bat dela badakitelako. Hau da, jendeak badaki Korrika zertarako antolatzen den. Hamar urte daramatzazu AEK-n irakasle. Nolako bilakaera izan du euskaltegiak? Gu hasi ginenean Azpeitian genuen egoitza, baina Azkoitira etortzen ginen eskolak ematera. Hiru talde eta haur etorkinak zeuden hemen. Asko hazi da AEK, eta egun egonkortuta dago; euskalduntzeko bost talde ditugu; etorkinekin ere lanean jarraitzen dugu; eta Mintzalagun programa ere martxan dago. Aurreko urtean autoikaskuntza ere jarri genuen, eta hor ere gero eta ikasle gehiago daude. Zer harreman duzue Urola Kostako AEK-ko beste euskaltegiekin? Denok Urola Kostako AEK osatzen dugu. Hilero bilera bat behintzat egiten dugu Zumaian, eta irakasle danok elkartzen gara. Ekintzak ere koordinatzen ditugu: udaberriko ekintza, esaterako, Urola Kosta osoak batera egingo du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide