(Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udala nerabeen arteko alkohola eta drogak nola saihestu ikertzen ari da, bai eta herritarrek "aisialdirako eta atsedenerako duten eskubideen artean" oreka bilatzen ere. Aste hauetan azterketa amankomun bat egin dute erantzun bideak ezartzeko xedearekin.
Prozesuan laurogei lagun inguruk hartu dute parte. "Hau guztion arazoa da, eta denon lankidetza eta borondatea ezinbestekoak dira emaitzak ikusi nahi baditugu, denon ahaleginak beharko ditugu eta. Udaltzainak eta ertzainak arauak betearazteko daude baina kontzientziazio lana, ez dezagun ahaztu, etxeko sukaldean hasten da. Horregatik, hain justu, bilera hauek egin ditugu indarrak batu eta gutako bakoitzak bere gain hartu dezan duen ardura guztion onerako. Batek parrandarako duen eskubide bera du beste batek lorik eten gabe atseden hartzeko edota bebarruak gonbitoz eta pixez beteta ikusi beharrik ez izateko", dio Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak.
Guraso talde batek tabakoaren aurkako legea edota adin txikikoei alkohola saltzeko debekua moduko arauak zorroztasunez betearazteko eskatu zuen, eta udalari substantzia horien salmenta zigortzeko agindu zioten, "trapitxeoaren paisaia ohiko bilakatu" baita. Udalak jakinarazi du neurri hori indarrean dagoela, eta hori betetzeaz udaltzainak arduratzen direla. Gurasoek dokumentua 240 sinadura baino gehiagorekin aurkeztu zuten udaletxean.
Udala udaltzaingoarekin, ertzaintzarekin eta tabernariekin bildu da. Hori horrela, bilerak egin dituzte merkatariekin, herriko formakuntza zentro guztiekin, irakasleekin, zuzendariekin eta guraso elkarteekin, baita kale kaltetuenetako bizilagunekin ere.
Kontzertuen edo bestelako ekitaldien kasuan, espazio publikoaren erabilera arautzen duen ordenantza lantzen ere ari da udala. Prozesuan parte hartu duten guztiei bidaliko die ordenantzaren zirriborroa nahi dituzten ekarpenak egiteko edo aldaketak eskatzeko hamabost egunetan. Parte hartu dutenei aukera eman zaien bezala, herritar guztiek deskargatu dezakete udalaren webgunean ordenantzaren zirriborroa, bai eta udaletxean kopia bat eskatu ere. Ekarpenak aurkezteko azken eguna martxoaren 24a izango da. Udaletxeko harrera bulegoan edo
alkatetza@azkoitia.eus-era idatziz egin daitezke ekarpenak.