Agurtzane Intxaurraga eta Sonia Vazquez. (Azkoitiko Udala)
Koadernoa zuri antzelana "emozioen bidaia bat" da. Hala dio Agurtzane Intxaurraga aktoreak larunbat gauean Azkoitiko Baztartxo antzokian eskainiko duten antzezlanaz. Izan ere, "kastratzailea, fededun fanatikoa eta tradizioaren defendatzaile sutsua" den ama baten eta haren bi alaben istorioa taularatuko du Intxaurragak, Miren Gojenolarekin eta Itziar Ituñorekin batera. 22:00etan hasiko da antzezlana, eta sarrerak leihatilan eskuratu ahal izango dira sei euroren trukean.
Gaur aurkeztu dute obra Intxaurragak eta Sonia Vazquez zinegotziak. Intxaurragak azaldu duenez, "aspalditik" zuen gau-mahaian Lorcaren
Bernarda Albaren etxea eleberria, eta bazuen Bernarda hezurmamitzeko gogoa. "Begoña eta Arrate ahizpen istorioa da Koadernoa zuri. Batek Afrikara egin zuen ihes, eta besteak amaren ondoan eman du bizitza osoa. Begoñak borrokaren bidea aukeratu zuen, eta Arratek obedientziarena. Ama hil berritan, 25 urte bananduta egon ostean, bi ahizpak etxean elkartzen dira berriro". Horrela laburbildu du antzezlanaren mamia Intxaurragak, eta hark dio "eszenaratze poetikoa" bada ere, umorea ere baduela lanak. Lan handia eskatzen duen lana dela ere esan du Intxaurragak: "Obra konplikatua da. Oraintxe momentu tragikoan gaude eta berehala umorea lantzen". Haren arabera, aktoreek "hustuta" bukatzen dute obra.
Gainera, badu berezitasun bat obrak. Izan ere, koaderno zuri bat eramaten dute emanaldietara, eta bukatzean, bertaratzen direnek han nahi dutena idatzeko aukera izaten dute. "Lekukotzak oso onak dira guretzat, eta, batez beste, hogei bat lagunek idazten dute koadernoan". Intxaurragak Arantxa Iturberekin idatzi du obra, eta Iturbek eleberria aurkeztuko du martxoaren 9an. Zapatuan Baztartxon salgai izango da nobela. Intxaurragak dio, normalean, alderantzizkoa izaten dela prozesua. "Eleberria antzezlana bihurtzen da normalean, eta oraingoan kontrakoa gertatu da".
Iazko urrian estreinatu zuten obra, eta ordutik batean eta besteak eskaini dituzte emanaldiak. Azken hamar egunotan bederatzi emanaldi dituztela ere jakinarazi du Intxaurragak.