Sinadura bilketa amaituta, balorazio positiboa egin du Azkoitiko Urratsek

Urola Kostako Hitza 2017ko otsailaren 20a

Azkoitiko Urrats taldeak amaitu du autodeterminazioaren inguruko galdeketa egiteko sinadura bilketa. Pasa den asteburuan jaso dituzte azken sinadurak, eta jakinarazi dutenez, guztira 1.900 baino gehiago bildu dituzte kanpaina hasi zutenetik. Galdeketa egin ahal izateko  Azkoitian erroldatutako herritarren %10aren sinadurak behar zituzten, eta horiek urtarrilean lortu bazituzten ere, ahalik eta herritar gehienen babesa jaso nahi izan dute. Beren helburua izan da herritarrak galdeketaz jakinaraztea eta horiek "suspertzea", eta horregatik erabaki zuten sinadurak biltzen jarraitzea. Azaroan hasi zen Urrats sinadurak biltzen, eta jasotako erantzunaren balorazio "ona" egin dute. Orain, galdeketa antolatzen "buru-belarri" hasiko dira, jakin badakitelako "erronka eta lanketa handia" dutela aurretik. Era berean, "herria suspertzen" jarraituko dutela aurreratu dute. Maiatzaren 7an egingo dute estatus politikoari buruzko galdeketa Azkoitian, eskualdeko beste zazpi herriekin batera. Nahi al duzu izan euskal estatu burujabe bateko herritarra? izango da 16 urtetik gorako herritarrek erantzungo duten galdera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide