Ainhoa Aizpuru, Markel Olano eta Koldo Arandia, gaurko aurkezpenean (Gipuzkoako Foru Aldundia)
Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Ainhoa Aizpuru Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako diputatuak Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea aurkeztu dute gaur goizean, Azkoitiko Ibarmia enpresan. Egitasmo horren xedea da Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) 4.0 industriarantz bideratzeko egin behar duten "jauzi teknologikoa" erraztea. Alor horretan lidergoa duten enpresek gainontzeko enpresei beren ateak ireki eta 4.0 industriaren potentziala, onurak eta erabilera praktikoak erakutsiko dizkiete.
Enpresako zuzendari nagusi Koldo Arandiak gidatuta, Markel Olano eta Ainhoa Aizpuruk Ibarmiaren Fabrikazio Autonomoko Unitatea ezagutu dute. Mekanizatu sistema horrek, modu autonomoan, urtean 8.760 ordu lan egiteko ahalmena dauka, hau da, 365 egunetan 24 orduz. Zuzendariaren arabera, unitatearen onura nagusiak honako hauek dira: "produktibitatearen igoera nabarmena, paletizazio sistemen funtzionamendu automazitatua –distantziaz gaindiko ekoizpena, alarma deiak eta abar–, akatsen erabateko ausentzia, eta fabrikatutako piezen trazabilitatea".
Foru Aldundiak, Gipuzkoa 4.0 Sarearen bitartez "enpresen arteko elkarlana indartu eta horrela 4.0 industriaren iraultza lurraldeko enpresa txiki eta ertainetara hedatzeko" lan egingo du. "Lankidetzan oinarritutako programa aitzindaria da hau, bakarra gure inguruan, eta Alemanian martxan jarritako antzeko egitasmoen bidea jarraitzen du. Elkarlana du oinarri eredu honek, gipuzkoar gizartean erabat errotua dagoen balioa. Aldundiak bidelagun eta dinamizatzaile papera hartzen du, elkarlanerako esparru bat sortuz, lurralde gisa guztiok elkarrekin aurrera egin dezagun", azpimarratu du Olanok.
Ekonomia Suspertzeko Plana 2016-2019
Gipuzkoako Foru Aldundiak azaldu duenez, legealdi honetarako ezarritako helburu estrategiko nagusia ekonomiaren susperraldia finkatzea da, eta lau urtetan 200 milioi euroko aurrekontua izango du. Ainhoa Aizpuruk gidatzen duen Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako sailak enpresa ehunaren eraldaketari lagunduko du. Etorkizun handiko eremuetan, Euskadiko RIS-3 estrategiak azpimarratzen dituen alorretan, "apustu estrategikoak egitea" da jomuga nagusienetako bat, Foru Aldundiaren arabera. Izan ere, "Gipuzkoak aurrera egin nahi du biozientziak, energia eta mugikortasun jasangarria, eta fabrikazio aurreratuaren eremuetan, lurralde gisa erreferentzia bilakatzeko moduko alorrak dira guztiak".
Gipuzkoa 4.0 Fabrikazio Aurreratuko Sarea
Ainhoa Aizpuruk jakinarazi duenez, mundu mailan erreferentzia diren bost teknologia zentro eta hiru enpresek osatuko dute Gipuzkoa 4.0 Sarea: Ibarmia, Goimek (Danobat Group) eta ITS (Egile), batetik; Tecnalia, IK4 Research Alliance (Tekniker, Lortek, Vicomtech) eta IMH-TKgune, bestetik. Enpresa bakoitzak 8-10 enpresentzako lau bisita-jardunaldi antolatuko ditu urtean zehar.
Jardunaldi bakoitza amaitzean, parte-hartzaileei teknologia-bonuen programaren berri emango zaie; hilabete edukiko dute Foru Aldundiaren aurrean bonu bat jasotzeko eskaria egiteko, eta teknologia zentro batekin elkarlanean egin beharko dute.
Teknologia bonuak
"Ez gara soilik bisitez eta demostrazio jardunaldiez ari. Sareari esker, beren sistemak eraldatze digitalaren galbahetik pasa nahi dituzten ETEek teknologia-bonuak eskuratu ahalko dituzte horretarako", azpimarratu du Aizpuruk. Azaldu duenez, gehienez ere 10.000 euroko laguntzak izango dira. Ekonomia Sustapeneko departamentuak 2017an 400.000 euro bideratuko ditu teknologia bonuetara.
"2016an, Ekonomia Sustapeneko departamentuak lehen aldiz diru-laguntza deialdia egin zuen 4.0 industriaren zabalkunderako. Hiru milioiko aurrekontua zuen. Orain pausu bat aurrera eman eta Gipuzkoa 4.0 sarea sortu dugu. Etorkizunera begira programa honek bere hedapena izango duela aurreikusten dugu, hazten joan dadin eta erreferentzia bilakatu dadin aurrera begira, kudeaketa eta fabrikazioaren esparruko erreferentzia gisa", adierazi du diputatuak.