Azkoitian, etorkin gehienen bizilekua izan da Txalon Erreka auzoa. (Ane Olaizola)
Gipuzkoako biztanleriak oso nabarmen egin zuen gora 1950. eta 1970. urteen artean; izan ere, bi hamarkada horietan 257.000 biztanle gehiago izan zituen lurraldeak. Hazkunde horren %44 immigrazioak eragin zuen. Azkoitia ez zen izan etorkin gehien jaso zituen herrietako bat, baina sasoi hartan aldaketa handia jasan zuen. "Herri handi" bihurtu zen hogei urtean —7.000 biztanletik 11.000ra—, eta espartingintzan eta ehungintzan oinarritutako industria txikia zena burdinari lotutako industria bihurtu zen. Aldaketa horretan, 2.550 lagun iritsi ziren herrira.
Ordutik mende erdia baino gehiago igaro bada ere, 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Espainiatik Azkoitira etorri zirenek eta ondorengo belaunaldiek oraindik ere herrian "kanpotar" etiketa dutelakoan da Juan Ramon Alberdi antropologian lizentziaduna (Azkoitia, 1960). "Kezka" horretatik abiatuta,
Noiz egiten gara toki batekoak? galderari erantzuna bilatzeko asmoz, masterra egin du; eta bi hamarkada horietako etorkinen eta haien ondorengoen "bertakotzea eta integrazioa" aztertu ditu.
Alberdik hiru belaunaldi hartu ditu kontuan: 1950eko eta 1960ko hamarkadetan Azkoitira etorri zirenak, haien seme-alabak eta horien ondorengoak. Industrializazio garaian, ordura arte landa eremuan lan egiten zuten askok "bizimodu duinago baten bila" jo zuten Gipuzkoara. Azkoitira, batez ere, Extremaduratik iritsi ziren. Alberdik emandako datuen arabera, 900 lagun baino gehiago ziren hangoak. "Landa eremuan makinak sartu zirenean, eskulana sobran geratu zen. Asko lanik gabe edo oso etekin gutxirekin geratu ziren, eta beste bizimodu baten bila etorri ziren".
Jarraitu erreportajea irakurtzen
Gipuzkoako Hitzaren webgunean.